Oreretako Xenpelar AEKren egoitza berritik, ongi etorri 2024-2025 ikasturteari!

 

Lezoko Oroitzene AEK, Oiartzungo Intxixu AEK, Oreretako Xenpelar AEK eta Pasaiako Txirrita AEK euskaltegietako ordezkarian, Xenpelar AEKren harreran

Oarsoaldeko AEKko lau euskaltegietan (Lezoko Oroitzene AEK, Oiartzungo Intxixu AEK, Oreretako Xenpelar AEK eta Pasaiako Txirrita AEK) 2024-2025 ikasturterako matrikulazio-kanpaina abiarazi dugu. Ohi bezala, eskolak urrian hasiko dira; urriaren 1ean, zehazki.

Eskaintza egokia aurkituko dute ikasleek gurean ikasturte berrian ere: euskalduntze-ikastaroak, mailak egiaztatzekoak, C2 , autoikaskuntza, merkatarientzako eta gurasoentzako ikastaroak, langabetuentzako trinkoak, mintza-taldeak, Mintzalaguna egitasmoa, eskualdeko irakasleentzako formakuntza, C1 mailako azterketa prestatzeko eskolak ikastetxeetan... Nabarmendu behar da, era berean, HABEren dirulaguntza-lerro berria, A0ko ikasleei zuzenduta. Euskara ikasten hasten diren herritarrek baldintza hobeak izango dituzte gurera hurbiltzeko. Eta urtero bezala, dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte ikasle guztiek, asistentzia ona izaten badute.

Joan den ikasturtean 63 talde artatu genituen Oarsoaldeko AEKko 25 irakasleok; tartean, 16-18 urte bitarteko neska-mutilek osatutako 13 talde, eskualdeko eskoletan. Ikasleek 20 euro besterik ez zuten ordaindu eta ikasturte berrian eskaintza horri eutsiko diogu (ikasturte honetan 24 euro). Horretaz gain, hainbat ikaslek autoikaskuntza aukeratu zuten eta udan lau talde trinko osatu ditugu HABEren urriko azterketak prestatzeko.

Eskolez gain, kanpo-ekintzak ez dira faltako urritik aurrera: izan euskaltegietako afariak, izan Mintzagun tailerrak, izan AEKren liburu eskaintza edo Errigora bezalako egitasmoak, ikasleei ekintza erakargarriak eskainiko dizkiegu hastear den ikasturtean ere. Finean, herritarrak euskara ikastera, dakitena hobetzera eta euskara erabiltzera gonbidatu nahi ditugu Lezo, Oiartzun, Orereta eta Pasaiako herritarrak.

Euskara eroso bizitzeko. Hori da AEKren matrikulazio-kanpainaren aurtengo leloa. Izan ere, hori nahi dugu: AEKra hurbiltzen diren guztiak euskarari esker erosoago bizitzea. Etxeko eta lagun arteko harremanak euskaraz izateko, lan-egoera hobetzeko, bilatzen ari diren euskara-maila ezagutzeko eta abar, herritarrek AEKn aukera ugari dituzte. Oarsoaldeko AEKn eskarmentu handiko lantaldea dugu. Ikasturte honetan badugu pozik egoteko motiborik, gainera: Oreretako Xenpelar AEK apirilean lekuz aldatu zen, Biteri kaletik Nafarroa etorbidera, eta egoitza berrian ekingo dio ikasturteari.

Iruzkinak