"Oso babestua sentitu naiz urte hauetan guztietan"

 

Elena Vazquez, loreak eskutan, lankideak inguruan dituela.

Elena Vazquez Bielsa lankideak erretiroa hartuko du egun gutxi barru. 40 bat urtez aritu da euskara-eskolak ematen, gehien-gehienak eskualdean: Trintxerpen, Pasai Antxon, Lezon eta Oreretan.  Lankideok egindako galdetegitxoa erantzun du Elenak plaza honetan. Irakurri, irakurri...

Gogoan al duzu emandako lehenengo euskara-eskola? 

80ko hamarkadaren hasieraz ari gara. AEK artean ez zegoen, gau-eskolak ziren. Egunez ez zen eskolarik ematen. Ikasleek batez ere gauez jasotzen zituzten eskolak, 20:00etatik aurrera; langileak eta etxeko andreak ziren. Gogoan dut Groseko enpresa batean hasi nintzela euskara irakasten, 07:00etatik 09:00etara eta Jalgi Hadi metodoa erabiltzen genuen. Ondoren, Loiolako talde batekin jardun nintzen. Ez genuen aretorik eta Aurrezki Kutxa Munizipalak auzoko bilera-aretoa uzten zigun; zinema-areto modukoa zen, eserleku eta guzti, eta gu oholtzan aritzen ginen; 10 bat lagun izango ginen.

Aurrerago, Trintxerpeko gau-eskolan jendea behar zutela esan zidaten eta hara jo nuen. Hamar bat irakasle izango ginen. Jendez gainezka genbiltzan! Alde batetik, jendea oso kontzientziatua zegoen, eta, beste aldetik, aisialdi-eskaintza oraingoa baino askoz urriagoa zen. Gure euskaltegia beldurgarria zen! Hezetasuna gutxitzeko, arrautzen kartoiak jartzen genituen sabaian, eta oporraldietan mugimendurik ez zegoenez eta leihoak irekitzen ez zirenez, lanera bueltan perretxikoak ateratzen zitzaizkigun...  Bestalde, Karmengo Ama ikastetxekoek oso jarrera ona zuten: nahi adina gela uzten zizkiguten.

Eskolak alde batera utzita, nola gogoratzen duzu egunerokoa?

Herria dinamizatu, festa guztietan parte hartu... Denetarik egiten genuen. Aurrerago, AEK sortu zenean eskualdeka koordinatzen hasi ginen. Ostegunetan edo ostiraletan elkartzen ginen, beharren arabera. Askotan Xenpelarren elkartzen ginen, 22:00etan. Oso eztabaida luzeak izaten ziren; ogitartekoa afaltzen genuen bitartean aritzen ginen, eta, bukatutakoan, batzuetan taxiz edo lankideren baten senitartekoak eramaten gintuen etxera. Lan dezente egin genuen sosik kobratu gabe, eta seigarren urratsean ikasle zebilenak  hasierako urratsekoei ematen zizkien eskolak. Herriak herria euskaldundu, alegia. Gazteak ginenez, egoera eramangarria zen, baina aitortu behar da egonkortasuna falta zela.

Gainerakoan, eskolak emateko materiala guk geuk sortzen genuen. Iruñera joaten ginen ostiral arratsaldeetan eta larunbat goizetan grabatzera, bakoitzak ahal zuenean! HKZ materiala horrela sortu genuen.

Pozik al zaude AEKren bilakaerarekin?

Bai, euskaltegiak duinak dira! Soldatak ez dira etxafuegoak botatzeko modukoak, baina bizi gaitezke! Hasieran, pentsatzen nuen okerrago egotea ezinezkoa zela, hobera egin behar genuela ezinbestean...eta hala izan zen.

Zer ekarriko zenuke hasierako AEKtik gaur egungora?

Materiala sortzeko gaitasuna. Ez genuen zalantzan jartzen materiala sortu behar zela...eta sortzen genuen. Orain hainbeste lanketa eginak daudenez, denbora gehiago pasatzen dugu bilatzen sortzen baino. Nik batzuetan bilatzen ez ibiltzeagatik nahiago izan dut sortzea. Orain ere egon egongo da materiala sortzeko ahalmena, baina ez da landu.

Interneta izan da bizi izan duzun iraultzarik handiena?

Natural hartu genuen, baina esango nuke iraultza baino gehiago anabasa ekarri zigula Internetek! Euskaltegi guztiek ez zuten ordenagailurik eta batzuetan bakarra zegoen, baten edo bestearen gorde gabeko dokumentuak galtzen ziren... Dena dela, irakasleon arteko materialaren nolabaiteko trasbasea bazegoen. Material-bilduma egiten zen, horiek liburu bihurtu eta euskaltegietan banatzen ziren.

Zein izango da etxera eramango duzun oroitzapenik gozoena? 

Gurean, lankideen arteko harremanak. Oiartzunen izan ezik, eskualdeko beste euskaltegietan aritu naiz zenbait urtez eta giro ona eta lankide jatorrak topatu ditut. Oso ondo moldatu gara eta ez da izan gatazka berezirik; elkarri laguntzeko prestasuna ikusi dut, oso babestua sentitu naiz. Bestalde, ikasle izandakoak kalean topatu eta euskaraz bizi direla ikusteak betetzen nau. Kontrakoa ere, noski, gertatzen da  eta sentipena kontrakoa izaten da... Hainbeste denbora pertsona bat euskalduntzen pasatu eta hiruzpalau urtean dena ahazteak tristetzen nau.

Zer aholku emango zeniguke lankideoi?

Orain arte bezala jarraitzeko, pertsonen arteko harremanak zaintzeko. Lan-talde bat gara, eta baita lagun-taldea ere.

Elena lankidea aurtengo barrikotean bere ikasleekin.


 

 



Iruzkinak