Oiartzungo Intxixu AEKren egoitza berritik, ongi etorri 2023-2024 ikasturteari

 

Oarsoaldeko AEK-ko kideak, Oiartzungo euskara zinegotzi Aiako Harria Gaztelumendi eta Euskara teknikari Aitziber Arnaizekin Landetxe eraikinaren atarian; hura da Intxixu AEKren egoitza joan den ikasturtearen bukaeratik


  • Intxixu AEK-k Landetxe zabaldu berrian egingo du lehen ikasturte osoa

  • Joan den ikasturtean 53 talde artatu genituen Oarsoaldeko AEK-ko 25 irakasleok



Oarsoaldeko AEK-ko lau euskaltegietan (Lezoko Oroitzene AEK, Oiartzungo Intxixu AEK, Oreretako Xenpelar AEK eta Pasaiako Txirrita AEK) 2023-2024 ikasturterako matrikulazio-kanpaina abiarazi dugu. Ohi bezala, eskolak urrian hasiko dira; urriaren 2an, zehazki.


Eskaintza egokia aurkituko dute ikasleek gurean ikasturte berrian ere: euskalduntze-ikastaroak, mailak egiaztatzekoak, C2 , autoikaskuntza, merkatarientzako eta gurasoentzako ikastaroak, langabetuentzako trinkoak, mintza-taldeak, Mintzalaguna egitasmoa, eskualdeko irakasleentzako formakuntza, C1 mailako azterketa prestatzeko eskolak ikastetxeetan... Eta urtero bezala, dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte, asistentzia ona izaten badute. Joan den ikasturtean 53 talde artatu genituen Oarsoaldeko AEK-ko 25 irakasleok. Horretaz gain, hainbat ikaslek autoikaskuntza aukeratu zuten eta udan bost talde trinko osatu ditugu HABEren urriko azterketak prestatzeko. Eskolez gain, kanpo-ekintzak ez dira faltako urritik aurrera: izan euskaltegietako afariak, izan Mintzagun tailerrak, izan AEKren liburu eskaintza edo Errigora bezalako egitasmoak, ikasleei ekintza erakargarriak eskainiko dizkiegu hastear den ikasturtean ere. Finean, herritarrak euskara ikastera, dakitena hobetzera eta euskara erabiltzera gonbidatu nahi ditugu Lezo, Oiartzun, Orereta eta Pasaiako herritarrak.


Euskara hurbil, zu urrun heltzeko. Hori da AEKren aurtengo leloa. Izan ere, ikasleen ondoan gaude, daukagun onena eskainiko diegu haiek euskara ikasteko eta euskarak zabalduko dizkien ateen bidez, urrun helduko dira. Etxeko eta lagun arteko harremanak euskaraz izateko, lan-egoera hobetzeko, bilatzen ari diren euskara-maila ezagutzeko eta abar, herritarrek AEKn aukera ugari dituzte. Oarsoaldeko AEKn eskarmentu handiko lantaldea dugu. Ikasturte honetan erronka handia dugu zain: 23. Korrika. Ezinbesteko hitzordu horretan ere, nola ez, buru-belarri murgilduko gara AEKkideok.


Iruzkinak