Gazteentzat ere euskara ikasteko erraztasunak Pasaian

 


Pasaiako matrikulazio-kanpaina aurkeztu dute Udalak, Pasaiako Txirrita AEK-k eta udal euskaltegiak, Euskararekin denok irabazle lelopean. Ohi bezala, Udalak erraztasunak emango dizkie euskara ikasi nahi duten herritar guztiei. Aurreko urteetan bezala, hasierako urratseko ikasleek eta langabeek  matrikularen %20 ordaindu beharko dute bakarrik -langabeen kasuan maila edozein dela ere-. Aurtengo ikasturtean, berrikuntza gisa , 16 eta 30 urte bitarteko gazteek ere soilik matrikularen %20 aurreratu beharko dute. Gazteok askotan ez dute diru-sarrera egonkorrik eta euskara etxean jaso ez eta bigarren hizkuntza bezala ikasi dutenei begirako erabakia izan da. Gazteen artean mezua zabaltzeko sare sozialetara bideratutako bideo dibertigarriak egin dira eta Bokale Pasaiako Euskararen Aholku Batzordearen sare sozialetan daude ikusgai.

Ikastaro arruntez gain, beste batzuk ere eskainiko dituzte Pasaiako bi euskaltegiek; hala nola mintzamena lantzekoak eta merkatariei bideratutakoak. Mintzalaguna egitasmoak, bestalde, iaz hasitako bidea jarraituko du -irail bukaeran aurkeztuko da-

"Aurten ere pasaitarrak animatu nahi ditugu euskara bere egin dezaten, euskaragile izateko, eta horretarako, euskara ikastea pauso garrantzitsua da, euskara ulertzera iristea behintzat", azaldu dute aurkezpenean.

Iruzkinak