Pintxo-lehiaketa eta mintzodromoa, euskara ikasleak, mintzalagunak eta euskaldunak elkartzeko

Jon, Txabi, Nekane eta Jeru, pintxo-lehiaketako sariak eskuratu berritan.

 

Pasaiako Udalak eta hainbat eragilek -tartean Pasaiako Txirrita AEK euskaltegiak- elkarlanean osatutako Euskararen Plan Estrategiko berriaren harira, Trintxerpen eta Pasai Antxon, herriko mintzalagunak eta euskaltegietako ikasleak euskal hiztunekin harremanetan jartzeko, ekintza bana egitea adostu da. Joan den astelehenean, pintxo-lehiaketa egin zuten Trintxerpeko Ur Gain elkartean. Aurrena, Asier Gaston sukaldariak zenbait pintxo aurkeztu zituen eta haren argibideei jarraiki parte hartzaileek pintxo horiek dotore eta goxo prestatu zituzten. Pintxotan ibili eta gero, hitz eta pitz aritu ziren denak mintzodromoan: Zein da Pasaiako pintxorik onena? Zeintzuk dira Pasaiako jairik hoberenak? Beraz, gertuko gaiak izan zituzten ahotan.

Ekainaren 15ean, osteguna, argazkilaritza tailerra egingo da Pasai Antxon helburu berarekin; hau da, herriko mintzalagunak eta euskaltegietako ikasleak euskal hiztunekin harremanetan jartzeko. Parte hartzaileek telefono mugikorra erabilita argazki ahalik eta txukunenak ateratzen ikasiko dute.




Iruzkinak