Pasta freskoa egiten ikasi dute Oiartzungo Intxixu AEK euskaltegikoek, Mintzagun tailerrean



 

Joan den urtarrilaren 24ean, Oiartzungo Intxixu AEKko ikasleek tailer interesgarri bezain osasuntsua egiteko aukera izan zuten; pasta freskoa egiten ikasi zuten Oreretako ‘Zituene pasta obradore kooperatibako’ kide batek gidatuta.

Hamar bat ikasle, bizpaihiru irakasle eta eguneko protagonista nagusia, Zituene kooperatibako Iker, elkartu ziren pasa den asteartean Oiartzungo Girizia elkartean. Helburuak bi ziren; batetik, pasta freskoa (espagetiak, tallarinak...) egiten ikastea, eta bestetik, arratsalde pasa polita igarotzea. Eta jakina, hori guztia euskaraz!

Horretaz guztiaz gain, Intxixu AEK-ko ikasleek (A1, B1 eta C1 mailetan ari diren ikasleak elkarrekin egin zuten tailerra) eskualdeko proiektu interesgarri bat ezagutzeko parada izan zuten.

Oreretako Zituene obradoreak zereal ezberdinekin egindako pasta artisau eta ekologikoa ekoizten du, eta horretarako, gertuko eta garaiko lehengaiak baliatzen ditu. Horren harira, Zitueneko Ikerrek zereal mota desberdinen gaineko azalpenak eskaini zituen tailerrean, eta baita zekalearen, espeltaren, gariaren, eta oro har, zerealen gaineko hainbat xehetasun eman ere.

Behin tailerra bukatuta, euren kasa egindako pasta freskoa etxera eramateko aukera izan zuten ikasleek. 




 

Iruzkinak