Urriaren 1etik 15era eman ahal izango da izena Pasaiako Mintzalagun egitasmoan

Udaleko eta euskaltegietako ordezkariak, gaur San Pedron
 

Euskararen Plan Estrategikoa landu berri dute Pasaian hainbat eragilek. Datozen hamar urteetarako zutabeak jarri dituzte eta plan horretan, besteak beste, honako beharra azaleratu da: erabilera sustatu beharra herrian. Horren harira, Pasaiak Mintzalagun egitasmoa berreskuratu du, eta herritarrak euskaraz lasai eta eroso aritu ahal izango dira, azterketen presiorik gabe.

Hona hemen Mintzalagunaren nondik norakoak:

Nor da Mintzalaguna?

Euskara ongi dakiena. Tituluduna ala titulurik gabekoa. Mintzalaguna euskara hobetu nahi duen pertsonaren laguntzailea da, dinamizatzailea. Mintzalagunaren lana euskarari eustea da; ez, ordea, akatsak zuzentzea. 

Nor da Mintzakidea?

Euskara erabili eta hobetu nahi duen pertsona da. Mintza landuko du: adierazkortasuna, hiztegia, jariotasuna... Mintzalagunak une erosoak eskainiko dizkio Mintzakideari, lasai hitz egiteko. 

Nor izan daiteke Mintzakidea?

B1 maila eta hortik gorako ezagutza edukitzea komeni da. Ez da derrigorrezkoa Pasaiako euskaltegi bateko ikaslea izatea.

Zenbat lagun elkartuko dira talde bakoitzean?

Hiru lagun elkartzea da proposamena -mintzalaguna eta bi mintzakide- eta noizean behin sortutako taldeak elkartuko dira ekintza komunak egiteko.

Noiz/zer egin behar da izena emateko?

Lehenengo matrikula-aldia urriaren 1etik 15era izango da eta azaroan mintzalagunak -edo bidelaguna- eta mintzakideak elkartzen hasiko dira. Otsailean bigarren matrikula-aldia zabalduko da, talde gehiago sortzeko. 

Izena emateko: pasaia_mintza@aek.eus eposta helbidera idatz daiteke edo
688 647159 telefono zenbakira deitu ahal da.





Iruzkinak