Gurasoentzako ikastaro berezia eta Mintzalagun, Pasaiako berrikuntzak 2022-2023 ikasturtean

Aurkezpenean izan dira Txirritako AEK-ko Udane Migeltorena eta Patxi Azparren irakasleak eta Carlos Javier ikaslea


Pasaiako euskaltegiek matrikulazio-kanpaina aurkeztu dute Trintxerpeko Gudari plazan. Ohi bezala, eskaintza zabala prestatu dute Pasaiako Txirrita AEK-k eta Udal Euskaltegiak, eta herritarrek erraztasunak izango dituzte euskara ikasteko. Hala, joan den ikasturtean bezala, aurten ere euskara ikasten hasiko denak matrikularen %20 aurreratu beharko du bakarrik eta gainerakoa Udalak hartuko du bere gain, betiere ikaslea euskaltegira egun gehienetan joaten bada.

Carlos Paniagua joan den ikasturtean hasi zen euskara ikasten Txirrita AEKn eta herritarrak lehen urratsa ematera animatu ditu: "Carlos Javier naiz, Salamancakoa naiz eta Pasaian bizi naiz duela zortzi urte. Denbora horretan guztian ez nuen pentsatu euskara ikastea, iaz nire bikotekideak eta lagunek animatu ninduten arte. Euskara aurkikuntza bat izan da niretzat. Aurten ikasten jarraitu nahi dut, pila bat gustatzen zaidalako, bai hizkuntza, bai kultura. Jende zoragarria ezagutu dut, bai ikaskideak, euskaltegiko irakasle guztiak. Eskerrik asko eta barkatu nire euskaragatik, baina Jon Maiak esan zuen bezala: 'Euskara politena ikasten ari den pertsonarena da'" 

Berrikuntzei dagokionez, gurasoentzako ikastaro berria diseinatu dute aurten; saioak seme-alaben eskolan bertan izango dira. Gurasoon taldean eta gainerako taldeetan txertatutako gurasoen matrikula 32 eta 160 euro artekoa izango da, eta ikasturtearen bukaeran aurreratutakoa berreskuratu ahal izango dute, asistentzia ona eduki baldin badute. Gainerako ikasleek ere jaso ahal izango dute aurreratutako matrikularen %75 ikasturtea bukatzen denean, 2023ko udan.

Gurasoentzako ikastaro berezia ez da izango berrikuntza bakarra, izan ere, Mintzalagun egitasmoa berreskuratuko da Pasaian, ikasleek euskara erabiltzeko espazio berriak edukitzeko. Egun gutxi barru aurkeztuko da egitasmoa luze eta zabal.



Ezin da aipatu gabe utzi Donibaneko kulturgunean ere izango garela Txirrita AEK-kook iraileko astearteetan, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bertako herritarrei informazioa emateko.

Albistea, Oarsobidasoko Hitzan


Iruzkinak