Oarsoaldeko AEK Bretainian: bidaiaren kronika


Poz-pozik bueltatu dira gure lankideak Bretainian egun batzuk pasatu eta gero. Bertako hizkuntzaren aldeko Ar-Redadeg lasterketan parte hartu dute. 22.KORRIKAren espiritua zabaldu dute lau haizetara.

Asteazkena, maiatzak 25: joaneko bidaia

45 bat pertsona atera ziren iluntzean Oiartzundik. Baionan Ipar Euskal Herriko bidaiariek (euren laguntza oso baliotsua izan zen, frantsesa menderatzen zuten-eta!) bat egin zuten eskualdetik abiatutakoekin eta denak batera Bretainiarantz joan ziren. 

 Osteguna, maiatzak 26: Ongietorria

Oarsoaldeko AEK-ko kideak: Mattin Kazabon, Maitane Linazasoro, Edurne Lizarazu, Saioa Ballesteros, Itsaso Uitzi eta Jon Diaz de Mendibil

Goizeko 07:30ean iritsi ziren Karaezeko Diwan Lizeora. Iritsi bezain laster, gosaltzen eman zieten Karaezeko komitekoek, eta jarraian, pare bat orduko paseoa eman zuten. 13:00ak aldera, kanpinean bazkaltzen eman zieten eta arratsaldean, Huelgat herrian ospatzen ari ziren festa bertatik bertara ikusi zuten. Eguna ondo bukatzeko Ti Ar Vro elkaretan sekulako afaria prestatu zieten, musika eta dantza lagun. Ixil-ixilik dago abestian bretoieraz entzun zuten!

 Ostirala, maiatzak 27: Korri egiteko eguna

 

Gosaldu ostean, Karaezeko Udalak harrera egin zion Euskal Herriko taldeari; besteak beste, herriko alkatea, Josune Cousillas Oiartzungo zinegotzia eta Saioa Ballesteros Oarsoaldeko AEK-ko zuzendaria mintzatu ziren. 15:00ak aldera korri egiteko unea iritsi zen: Oarsoaldeko AEK-k, Oiartzungo Udalak, Baionako AEK-k, EHZ Festibalak, Haurtzaro Ikastolak, Karaez-Oiartzun komiteak eta Oiartzun-Karaez komiteak eraman zuten, harro-harro, bretoieraren aldeko lasterketaren lekukoa.

Larunbata, maiatzak 28: Ar Redadegen azken kilometroa

Korri egin eta biharamunean, Vannes hirira. Izan ere, hura zen Ar Redadegen helmuga. 16:30ak aldera iritsi zen bretoieraren aldeko lasterketa eta jarraian, jai-giroan murgildu ziren (musika, jatekoa eta edatekoa, saltokiak...)

Igandea, maiatzak 29: Oiartzunera buelta

Ajeak jota edo ajerik gabe denak autobusean sartu ziren eta bueltako bideari ekin zioten. Honezkero nekeak gihar-minak ahaztuta izango dituzte!

Iruzkinak