[Mikroipuin-lehiaketa] Mezua (irabazlea)

Egilea: Yur Brañas. Pasaiako Txirrita AEK
 

Iritsi da eguna, Ortzik hodeitsua eta malkoduna marraztu du zerua. Dutxan nagoen bitartean, oroitzapenak datozkit burura; zazpi urte nituenean, amaren pozez bete zen gure baserri txikia, KORRIKAren lekukoa egitea eskatu baitzioten. Ez zen artista famatua, baina bere obrak hainbat museotan ikus zitezkeen. Nire ama bere txokoan irribarre goxo batekin zebilen lan eta lan.

-Ama, ama!- esan nion

-Zer duzu, Tximeleta?

-Zer da KORRIKA?

Amak besoetan hartu eta lantzen ari zen lekukoa erakutsiz erantzun zidan:

-Mezua, nortasuna, elkartasuna, lekukoa, Tximeleta hauxe da KORRIKA

Hilabete pasa da ama joan zenetik, gaixotu zenean lekukoa eramatea niri proposatu zidaten. Eta orain, hemen nago, lekukoaren zain, blai eginda kale erdian; zeruari galdezka:

-Zer egin zu gabe? Nola egin aurrera?

Eta bat-batean amaren lekukoa eskuan, zerbait nabaritu eta atzamarrak zabaldu ditut; bertan, hitz zizelkatu hauek irakur daitezke: "Bidea luzea da. Pausoz pauso, Tximeleta"

Iruzkinak