[Mikroipuin-Lehiaketa] Lekukoa (3.postua)

Egilea: Ane Espina. Oreretako Xenpelar AEK

 

Duela urte andana haritz bateko adar bat besterik ez nintzen. Moztu, makila forma eman, barruan neuzkan eraztunak hustu eta sortu ninduten. Jada lekukoa nintzen, hain zuzen ere, Korrikaren lekukoa.

Bat-batean, papertxo bat jarri zidaten barruan eta geratzen zitzaidan erretxina hasi zen berotzen. Berriro bizirik nengoela senti nezakeen. Hau poza!

Furgoneta baten atzetik, bi astez, Euskal Herriko txoko izugarrietatik pasa ginen baina ez nuen abagune luzea izan disfrutatzeko, Korrika ez zuelako eten egin.

Hasieran beldurtuta nengoen milaka lagun nire atzetik oihuka zetorrelako, baina berehala ulertu nuen ohore bat zela ni eramatea eskuetan. Haien berotasuna jaso nuen euskara bizitzeko beharra islatzen zutelako.

Askotariko eskuek laztandu ninduten: guztietako tamaina eta koloretakoak, euskaldun eta erdaldunak baina denak gogotsu. Benetan kitzikagarria izan zen. Azken egunean jende askoren aurrean mezua erraietatik kendu zitzaidan eta han bukatu zen nire esperientzia.

Hiru urte daramat euskararen taupadak sentitu gabe, baina jendarteak, une oro, Hitzekin lortzen du taupadek iraun dezatela.

Iruzkinak