[Mikroipuin-Lehiaketa] Hiru marra (4. postua)

Egilea:Laura Rè Lozano. Pasaiako Txirrita AEK

 

Beharretik sortu ninduten. Batzuek diru eza zela uste zuten, baina nik, aldiz, beste asmoa neukan. Izan ere, inork ez ninduenean irudikatzen, nik Euskal Herriko mapa marraztearekin amesten nuen. Eta hogeita bat aldiz lortu dut.

Ilusioz beteriko irribarrek eskuz esku mugitzen naute. Euskarari merezitako lekua emanez, neure egurrezko gorputzak gure arteko distantzia murrizten du. Barruan, jendartearen nahia; kanpoan, herri baten borroka. Ibilbidea egiten dugun bitartean, libre garen gure eremu bakarrean, aniztasuna aritzen dut: euskalkiak. Denok sentimendu berberagatik furgoneta baten atzean korrika egiten dugu ziztu bizian. Eramaten nauen jendea ezberdina da; helburu bakarra du, ordea. Tarteka, malkoak ere ikusi izan ditut.

Aldarrikapena sarri: ofizialtasuna, eskubidea eta lurraldetasuna, besteak beste. 22. Korrika egiteko pazientzia apur bat bilatu behar izan dugu, baina iritsi da eta, honetan ere, euskararen beharrak plazaratuko ditugu elkarrekin. Aurten, inoiz baino gehiago, Amurriotik Donostiaraino, ttipi-ttapa ibiliko gara euskara libre izateko,euskaraz aske izateko.

Iruzkinak