'Gogotsu eta itxaropentsu gaude KORRIKA buru-belarri antolatzen'

Maialen Otegi Oarsoaldeko AEK-ko KORRIKA arduraduna, Korrika Laguntzaile pina eskuan duela

 

KORRIKA urteetan, Oaroaldeko AEK-ko eskifaiak patroia behar izaten du, eta aurten Maialen Otegi Oreretako Xenpelar AEK-ko irakaslea dugu lemazain. Motorrak berotzen ari garen honetan, hona hemen eskualdeko KORRIKA arduradunak kontatu diguna.  

 

KORRIKA martxoaren bukaeran abiatuko da Amurriotik, baina AEKn ia-ia ikasturtea hastearekin batera ekiten zaie prestakuntza-lanei... 

 Bai, hala da. Ikasturtea hasi orduko hasten gara euskaltegietan KORRIKA usaina nabaritzen. Berehala iristen da arropa, lehen bilerak izateko deialdiak... Baina horri esker ikasturtea gogotsu hasten dugu! Izan ere, badakigu KORRIKAk lana dakarrela, baina horren gainetik dago sortzen digun ilusioa. Gainera, aurten berezia izango da, nahi baino beranduago baitator Korrika [gogoan izan iaz ezin izan zela egin pandemiagatik], eta beraz, itxarote horrek ere gogo handiagoarekin hartzera garamatza.
 

KORRIKAko arropa izan dugu eskualdeko lau herrietan. Zer moduzko harrera izan du orain arte? Izango al da aukera gehiago arropa gure eskualdean erosteko? 

 
Arropa polita iritsi zaigu euskaltegietara, bai! Oraingoz, Oarsoaldeko herri gehienetan jartzeko aukera izan dugu, batez ere, Gabonetako opor luze hauetan; eta harrera ona izan du, jende asko hurbildu da arropa ikusi eta probatzera!
Hemendik aurrera ere euskaltegiz euskaltegi mugituko dugu arropa, eta herrietara ateratzeko asmoa ere badaukagu. Egon adi gure sareei, bertan jarriko baitugu nondik nora mugituko dugun salmenta puntua. Eta ez ahaztu, hurbiltzeko aukerarik izan ezean, KORRIKAko web-orrian etxetik bertatik erosteko aukera izango duzue.

Korrika Laguntzaile ere izaten dugu ahotan hilabeteotan. Zeintzuk dira ekimen horren abantailak?


Korrika Laguntzaile izatea da KORRIKA laguntzeko modurik onena eta errazena.
Laguntzailea izan nahi duenak, 12€ren truke hainbat abantaila izango ditu: batetik, KORRIKAko txartela iritsiko zaio etxera; horri esker KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango ditu, eta baita AEK-ko ikastaroetan eta AIZU! aldizkariko harpidetzan ere. Bestetik,astero-astero egiten ditugun zozketetan parte hartu ahal izango du, 300 sari baino gehiago daude! Horrez gain, aurtengo KORRIKAren leloa daraman pina jasoko du, soinean daraman arropa apain dezan.
Horregatik, hemendik irakurleak animatu nahi ditut Korrika Laguntzaile izan eta Korrika laguntzera. Oso erraza da! Pasa gure euskaltegietatik, edo sartu korrika.eus web-gunean.

Herriko batzordeen txanda da orain. Nola animatuko zenituzke Lezo, Oiartzun, Orereta eta Pasaiako herritarrak batzordeotan parte hartzera?

Hori da KORRIKA eta, noski, euskararen bultzadan laguntzeko beste modu bat: herrietako batzordeetan parte hartzea, hain zuzen ere.
Nork ez du euskararen alde antolatzen den lasterketa erraldoiaren parte izan nahi? Herria girotu nahi duena, herria euskalduntzen lan egin nahi duena, eta herria euskalgintzatik sortu daitekeela sinesten duen oro, hurbil dadila! HITZArekin eta EKINTZArekin lortuko baitugu ekimen hau aurrera eramatea.
 

Afariak, kultur ekitaldiak... Horiek denak airean daude, zoritxarrez, baina espero dezagun pandemiak 22. KORRIKA ez oztopatzea...

Hori ikusteko dago. Oraingoz, gogotsu eta itxaropentsu gaude KORRIKA buru-belarri antolatzen, eta badirudi, ordurako testuinguru egokiagoa izango dugula. Egia da ziur aski ezin izango ditugula beste urte batzuetan antolatzen ditugun ekimen guztiak normaltasun osoz antolatu; baina beno, gauza berrietan ere pentsatuko dugu eta saiatuko gara herriak ahalik eta ondoen girotzen.

Iruzkinak