Oarsoaldeko AEK-ko 30 bat ikasle, Albaolan

 San Juan baleontziaren aurrean entzun ditugu Albaolako kidearen azalpenak

 

Ohi bezala, lan eguna dugu Oarsoaldeko AEKn abenduaren 6a. Eskualdeko ikasle batzuek ohiko eskola jaso dute, eta beste hainbatek Albaola Itsas Kultur Faktoriara egindako bisitan parte hartu du. Ikasle eta irakasleak batuta, ia 40 lagun elkartu gara. Hasteko, Ternuara joaten ziren euskal baleazaleen historia jasotzen duen erakusketa bisitatu dugu gure kabuz. Ondoren, Itsas Kultur Faktorian egiten den lanaz eta, nola ez, eraikitzen ari diren San Juan baleontziari buruz hitz egin digu Albaolako kide batek. Itsasontzi hori ur azpitik atera izanak urrearen balioa duela azaldu digu Itsas Faktoriako kideak, izan ere, aurkikuntzak aukera eman du garai hartako arrantzaleen bizimodua ezagutzeko. Barkua Red Bayn aurkitu izan ez balute, nekez jakingo genituzke gaur egun XVI. mendeko euskal arrantzari buruz ezagunak diren hainbat datu.

 Hamaika pasadizo interesgarri jaso ditugu bisita gidatuan; tartean, hauxe: baleen olioa oso preziatua zen, eta euskal baleazaleek, Ternuatik ekartzen zutenaren garrantziaz eta baloreaz jakitun, beren jarduera sekretupean gorde zuten, edo behintzat, ez omen zuten argibide askorik ematen.


















Iruzkinak