Oarsoaldeko AEK-ko kideak ezagutzen: Oreretako Xenpelar AEK-ko Elena Vazquez

 

Elena Vazquez, Josu Ostolaza Oreretako Xenpelar AEK-ko zuzendariaren
 alboan, Bizidekarrean

Elena Vazquez  Oreretako Xenpelar AEK-ko irakaslea prest dago ikasturtea hasteko.
Eskarmentu handia du Elenak. Hortaz, komeni da arretaz irakurtzea galdetegitxo honen
erantzunak.

Zer giro dago euskaltegian iraila hasi zenetik? 

Lan-giroa eta giroa, sentsazioen koktelarena bezalakoa: joan den ikasturtea bezain ondo egiteko borondate-oinarria, hobeto ez bada; baikortasun-zurrusta bat, bi itxaropen-zurrusta, urduritasun-tanta batzuk, suspense-twist bat, eta, guztia astinduta, ikastaroa espero bezain probetxugarria izan dadin lan egiteko prest dagoen talde ona.

Nola irudikatzen duzu aurtengo ikasturtea?

Aurreko ikasturteetan ez bezala, ikasle guztiak dauden eskola presentzialekin irudikatzen dut. Espero dut, halaber, ikasleentzat hain eraginkorrak eta motibagarriak diren eskolaz kanpoko jarduerak antolatu ahal izatea, ikasgeletara hainbat gairi buruz hitz egiteko gonbidatuak ekartzea, tailerrak antolatzea... Laburbilduz, hainbeste eragin digun Covid-a sortu aurretik programatzen genituen jarduerak berreskuratu nahi ditut. Betiere osasun-neurri egokiak errespetatuz, jakina.

Bizidekarra ibilgailua da aurten kanpainaren ikurra. Irakaslea ikaslearen bidelagun onena dela irudikatu nahi du AEK-k. Horrela bizi izan duzu zuk urteotan guztiotan?

Bai, hala da. Irakasleak arduratzen gara, hizkuntza irakasteaz gain, ikasleak ikasketa-prozesuan gidatzeaz, akatsak egitean lotsa gainditzen laguntzeaz, ikasgelatik kanpo erabiltzen ausartzeko behar den konfiantza emateaz... irakasleak, psikologoak, dinamizatzaileak, lankideak... gara. Gure lana eskolako lau paretetatik haratago doa.

Kaixo, Elena naiz... Nolakoa izaten da, zure kasuan, lehen eskola eguna? Trikimailurik bai ikasleak lotzeko edo 'engantxatzeko'?

Bezperan urduri samar egoten naiz, batez ere taldea berria bada. Ezin dut saihestu. Baina eskolara sartzean, nerbioak ahaztu eta arreta ikasleengan jartzen dut. Elkarrenganako zerbait da. Haiek behatzen zaituzte, eta zuk haiek ere bai.

Garrantzitsuena konfiantzazko giroa sortzea da, galdetzeko edo hanka sartzeko beldurra ez sentitzeko, eta jakin-mina eta interesa sortzea ikasteko gogoa izan dezaten. Lantaldea garela sentiaraztea.



Iruzkinak