Gonbidapen berezia euskara ikasten hasteko, Pasaiako euskaltegien eskutik

Matrikulazio-kanpainaren aurkezpena egin dute Antxoko Zumardian

 

Pasaiako Txirrita AEK-k eta Udal Euskaltegiak 2021-2022 ikasturteko matrikulazio kanpaina aurkeztu dute. Aurten, bereziki, euskara ulertu ere egiten ez dutenak euskara ikasten hasteko lehen pausoa ematera gonbidatu nahi dituzte Pasaiako bi euskaltegiek. Hasiera mailako ikasleek baldintza ezin hobeak izango dituzte: matrikularen %20a ordaindu beharko dute. Beste zatia Udalak berak aurreratuko du.

Euskaraz dakiten pasaitarrek ere, nola ez, beren aletxoa jar dezakete etxez etxe banatutako gonbidapen-postala beste norbaiti emanda, hots beste norbait euskara ikastera gonbidatuta.

Aurtengo berrikuntza alde batera utzita, ohiko eskaintza ez da faltako. Esate baterako, guraso pasaitarrak eta Pasaiako ikastetxeetako gurasoak euskara ikastera gonbidatu dituzte ikastetxeetako ordezkariek eta euskaltegiek. Gurasoek ere matrikula merkeagoa izango dute eta asistentziaren baldintza betetzen badute, ikasturte hasieran ordaindutakoa bueltatuko zaie. Gurasoak ezinbesteko katebegia dira euskararen transmisiorako. Merkatariek eta ostalariek, berriz, ikasprozesu berezia aukera dezakete, haien ordutegira eta erritmora moldatuta, oso malgua.

Mintza taldeak ez dira faltako. Azken urteotan Pasaiako Txirrita AEKn taldea sortu da, eta ikasleek oso ondo baloratu dute ekimena. Izan ere, gramatika azalpenak eta bestelakoak alboratu eta mintzamena landu besterik ez dute egiten, astean bi orduz.




Iruzkinak