"Eskolak motzak egin zaizkit eta ederki pasatu dut zuekin"


Zenbait urtetan Pasaiako Txirrita AEKn aritu da euskara ikasten Justo Erimias Benito sanjuandarra. Aurtengo ikasturtea bukatuta, utziko gaitu. Urteotan guztietan gelan giro ona jartzeaz gain (beti txintxo-txintxo eta egunen batean irakasleak baino lehenago iritsi da euskaltegira!!!), gelatik kanpo beti laguntzeko prest izan dugu Justo. Donibaneko elkarteko ateak ireki zizkigun 2019ko erromerian, Pasai Donibaneko arraun elkartea barrutik ezagutzera joan ginen berari esker duela urte batzuk, Juanba Berasategi zenarekin egiten zituen inauterietako irudiak ere erakutsi zizkigun, eta pasa den ikasturtean, pandemia iritsi aurretik, Urko abeslaria ekarri zuen Txirrita AEK euskaltegira, ikasleen aurrean abestera... Espero dugu oso urrun ez ibiltzea, Justo. Faltan botako zaitugu!

Gogoratzen zara zergatik animatu zinen euskaltegira etortzera?

Alde batetik, kezka nuen, nire familian euskaraz hitz egiten zutelako eta pena handia neukan. Nahiz eta euskara gustatu, kosta zitzaidan elkarrizketa mantentzea. Horretaz aparte, asko gustatu izan zait euskara. Astean ordubeteko eskolekin hasi nintzen herrian bertan, baina irakasleari Antxoko euskaltegira, ordu gehiago, etortzeko aukera aipatu nionean, ondo iruditu zitzaion.

Eta lehenengo egunean...

Gogoratzen dut lehenengo egunean oso urduri nengoela, arbelean azalpen asko ikusi nituelako, baina Patxi irakasleak kieto egoteko, ez mugitzeko esan zidan, eta arrazoi zuen.

Nola sentitu zara urte hauetan gurean?

Giroa primerakoa izan da, irakasle guztiekin gainera. Euskaldun zaharrei gero eta gehiago ulertzen diet. Ohitura hartzen ari naiz.


Eta hemendik aurrera, zer?

Lagunekin eta bilobekin beti egingo dut euskaraz. Haiek zuzentzen didate, eta hori oso inportantea da niretzat! Beti animatzen dut jende guztia euskaltegira etortzeko. Euskara ikasi behar dugu. Niri ez zait aspergarria iruditu eta orduak berehala pasa zaizkit.

KORRIKAn ere harro-harro ikusi zaitugu lekukoa eramaten...

Bi aldiz eraman dut lekukoa, eta datorren urtean ere korri egin nahi dut, noski! Motelago egingo dut, hori bai...


Iruzkinak