Jon Martin bertsolariak, Ilargi Arrizabalaga abeslariak eta Gorka Cobos graffitigileak kolorea emango diote 'Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!' ekimenari


Igandean, martxoak 28, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! dinamika Euskal Herriko plazetara iritsiko da, eta gurean, Oarsoaldean, Oreretako Zumardian jarri dugu hitzordua, 12:00etan. KORRIKArik gabeko urte honetan ere euskararen lekukoa kalera atera nahi dugu, euskaltegiei bultzada emateko.  COVID-19ak 2020-2021 ikasturtea baldintzatu digu: eskolak musukoa jarrita ematen ari gara, segurtasun distantziak mantentzeko ikasle gutxiago sartzen dira geletan, ezin dugu kanpo ekintzarik egin... Dena dela,  AEK-kideok kementsu erantzuten ari gara...eta baita ikasleok ere. 

 KORRIKA  atzeratu behar izan dugu pandemiagatik, eta igandeko ekitaldiarekin euskararen aldeko giroa plazaratu nahi dugu, eta nola ez, KORRIKAren aldeko herri-gogoa eta grina bizi-bizirik mantendu. KORRIKA 2022an izango dugu, eta AEKrentzat behar-beharrezkoa izango da. 

Bertsoak, musika eta graffitia izango dira igandeko ekitaldiaren osagaiak.  Jon Martin bertsolari oiartzuarrak, Ilargi Arrizabalaga abeslari lezoarrak eta Gorka Cobos graffitigile oreretarrak, nork bere esparruan, emango diote koloreari ekitaldiari.

Iruzkinak