Oreretako Xenpelar AEK euskaltegiko ikasleen nahiak 2021era begira

Xenpelar AEK-ko sarrerako panelean jarri dituzte ikasleek beren nahiak


Abenduan galtzak bete lan ibiltzen gara Oarsoaldeko AEK-ko irakasle prestuok. Izan ere, ohiko lanaz gain, Euskararen Egunari indarra ematen saiatzen gara,eta Gabonen atarian, klasiko bihurtu dira talo ikastaroak eskualdeko euskaltegietan. Aurten, ordea, ditxosozko pandemiagatik, besoak loturik gabiltza, nahi baino apalago. 

Zailtasunak zailtasun, ahal duguna egiten ari gara ikasleak eroso egoteko eta ikusteko talde handi bateko partaide direla. Hala, Lezoko Oroitzene AEKn eta Pasaiako Txirritako AEKn ikasleen oraingo eta txikitako argazkiak lehiaketa bana antolatu dute, Oiartzungo Intxixu AEKn Errigorako bi saski zozkatu dituzte eta Oreretako Xenpelar AEKn, ikasleen nahiak biltzen ari dira panel batean.

Denetarik ageri da Xenpelar AEK-ko eskaera-zerrenda horretan: osasuna, B2 egiaztatzea, Covid 19 desagertzea, justizia soziala, play station bat, semeei Masterra ordaindu ahal izateko diru nahikoa, errege-etxea desagertzea, politikariek jartzea txertoa, mutil polit eta liraina agertzea, txipa aldatzea eta euskara hitz egitea lotsarik gabe, alaitasuna eta maitasuna, ama lurra zaintzea eta munduan gosea amaitzea, errespetua guztiontzat, euskal errepublika...  



Ez hori bakarrik: ikasle batek Gabonetako bolatxo pertsonalizatuak oparitu dizkie taldekideei, ikasleen izenarekin, eta bolatxoen atzealdean, AEK 2020 ageri da. Mila esker, Bea!

Irakasleok ere gure nahia badugu: ikasle guztiokin, osasuntsu eta euskara ikasteko gogotsu, elkartzea urtarrilaren 7tik aurrera, jakina!

Iruzkinak