2020a Oarsoaldeko AEKn: urte baten kronika

Kaixo, ikasle

Guretzat ere, Oarsoaldeko AEKn lan egiten dugun irakasleontzat, nola ez, 2020a berezia izan da. Izan ere, urtarrilaren 7an, Gabonetako oporrak eta gero, lanera bueltatu ginenean, ez genuen espero bi hilabete geroago aurrez aurreko eskolak bertan behera uztea. Hala eta guztiz ere, lortu genuen egoera zailari aurre egitea, eta urteko laburpena zuekin guztiokin konpartitzeko gogoa dugu.

Sasoi betean hasi ginen! Urtarrilean, Oarsoaldeko AEKko I. Pintxo Lehiaketa egin genuen. Eskualdeko lau euskaltegietako irakasleok sukaldari bihurtu ginen, eta Oreretako Xenpelar AEK garailea izan zen. Ea 2021ean ere egiterik dugun!! Bestalde, Haurtzaro ikastolan ikastaro laburra eman genuen. Ikastolako irakasleak ikasle bihurtu ziren, eta oso gustura aritu ginen haiekin.

Lezoko Oroitzene AEKren lan taldea, pintxo lehiaketan

Otsaileko hitzordu nagusia, dudarik gabe, Barrikotea izan zen. Oreretako Batasuna elkartean egin genuen, eta menu apartaz gozatu genuen. Gainera, Andoni Ollokiegik dantzan jarri gintuen. 

Andoni Ollokiegi, otsaileko barrikotean

Martxoa ere gogotsu hasi ginen, eta Martxoaren 8aren bueltan, egun berezi horrekin lotutako argazki lehiaketa egin nahi genuen eskualdeko lau euskaltegietan. Ezin izan genuen, baina, helburua bete. Oiartzungo Intxixu AEKn eta Oreretako Xenpelar AEkn egin zuten lehiaketa, baina beste bi euskaltegietan ez ginen garaiz iritsi...martxoaren erdialdean itxialdia iritsi zelako. Oiartzo ikastolara ere joatekoak ginen, bertako gaztetxoei C1 mailako azterketa prestatzen laguntzeko, baina ez ginen iritsi. Beno, iritsi iritsi ginen eskolako ateraino, lehen saioa martxoaren 12an, arratsaldez, eman behar genuelako, baina egun hartan albisteak bor-bor iristen zihoazen, eta Oiartzo eskolara eguerdian iritsi ginenerako, kontziente ginen ezin izango genuela aurrera egin.

Martxotik aurrera zer? Bada, badakizue... Etxean geratu behar izan ginen, eta etxetik lan egin genuen. Ez genuen kontaktua galdu zuekin, eta ahal zen moduan, ikasturtearekin jarraitu genuen. Bideo deiak eta antzeko tresnak erabili genituen. Ekainean, ikasturte bukaeran, lortu genuen sikiera zuekin elkartzea tutoretzak egiteko eta kafetxo bat hartzeko... Bagenuen gogoa!!! Euskaltegiko afaria ez egitea, hori bai pena! Ikasturtea bukatu bai, baina irakasleok lanean jarraitu genuen, eta azken batzarra egin genuen. Bilera horretan, ikasturtearen balantzea egiten dugu eta hurrengo ikasturtean pentsatzen hasten gara.

Uztaila hasieran egin genuen irakasleok ikasturte bukaerako bilera

Udan ez ginen besoak gurutzatuta gelditu. Horixe ezetz!! Autoikaskuntza eskaini genuen uztailean eta irailean, eta azterketak prestatzeko ikastaro trinkoak eman genituen irailean. Musukoarekin denak, bai ikasleak eta baita irakasleok ere. Iraila erotzekoa izan zen. Ikasturtea prestatzeaz gain, euskaltegiak itxuraldatu behar izan genituen, urritik aurrera eskolak segurtasun neurri guztiekin eman ahal izateko.

Euskaltegiak egokitu ditugu segurtasun-neurri guztiak bete ahal izateko

...Eta iritsi zen urriaren 1a. Ikasturtea hasi genuen jakin gabe benetan noraino iritsiko ginen eta nola. Dena dela, 2021era iritsi gara, eta ez da gutxi!!! Euskaraldia ere babestu eta bultzatu ahal izan dugu. Eskerrik asko gurekin itxialdi garaian edo aurtengo ikasturtean gugan konfiantza izan duzuen guztioi. Urte berrian ere alboan edukiko gaituzue!! Onena ematen saiatuko gara.



Urte Berri On!!

Iruzkinak