Tokirik gabe ez gelditzeko, lehenbailehen matrikulatzeko deia egin du Saioa Ballesteros Oarsoaldeko AEK-ko zuzendariak

Saioa Ballesteros Oarsoaldeko AEK-ko zuzendaria. Argazkia: Oiartzun Irratia

 

Saioa Ballesteros Oarsoaldeko AEK-ko zuzendaria elkarrizketatu dute Oiartzun irratian. Hastear dagoen ikasturte bereziari begira, ikasleei lehenbailehen izena emateko eskatu die, tokirik gabe ez gelditzeko. Izan ere, COVID-19aren eraginez, segurtasun distantzia mantendu beharko da eskoletan, eta horrek orain arte baino leku gutxiago utziko du euskaltegietan. Horrekin lotuta, osasun xehetasun guztiak kontuan hartuko ditugula azpimarratu du eskualdeko zuzendariak (gelen aforoaz gain, garbiketa, musukoa...). Joan den ikasturte bukaera bakarrik ez. Aurtengo iraila ere ez ohiko bihurtu du pandemiak: "Aurreko urteetan matrikulazioa genuen buruan; aurten, berriz, matrikulazioa eta segurtasun kontu guztiak"

Bide erdira iritsi da aurtengo matrikulazio-kanpaina. Pare bat aste barru Oarsoaldeko AEK-ko lau euskaltegietan eskolak hasiko dira. AEK-k irakasleak jarri gaitu 2020-2021 ikasturteko matrikulazio-kanpainan, eta irakasleon lanari buruz, akuilu lanetan aritzen garela nabarmendu du Saioa Ballesterosek: "Ez da bakarrik edukiak irakastea, ikasleekin akuilu lanetan aritzen gara, haiek motibatzen".

20 urte daramatza Saioa Ballesterosek euskara irakasten (1999-2000 ikasturtean hasi zen) eta jende helduarekin lan egitea oso polita dela nabarmendu du, batez ere ikustea "nola emozionatzen diren ikasitako gauza txiki horiekin". Ikasle eta irakasleen artean maiz sortzen diren harremanak gertutik ikustea oso aberasgarria dela gaineratu du Oarsoaldeko AEK-ko zuzendariak.

Entzun elkarrizketa osoa

Iruzkinak