'Oiartzunen beso-zabalik hartzen ditugu euskara ikastera animatzen diren guztiak'


Egun gutxi geratzen dira irailari agur esateko. Jon Diaz de Mendibil Oiartzungo Intxixu AEK euskaltegiko zuzendaria, jo eta su dabil egunotan, Saioa Ballesteros, Alaitz Vangeneberg eta Maitane Linazasoro lankideekin batera, taldeei eta, oro har, ikasturteari itxura eman nahian. 

Iraila badoa...

Egia esan ezohikoa ari da izaten guztiontzat. Egoera berriak guztiz baldintzatu du gure lan egiteko modua, eta horretara ohitzen ari gara. Aforo aldetik, Oiartzungo Intxixu AEK-ko ikasgela pare batek gutxieneko ikasle kopurua bermatzen ez dutenez, euskaltegitik kanpo eman beharko ditugu eskola batzuk. Bestalde, matrikulazioari dagokionez, iaz baino motelago doa; dena den, iaz azken urteotako mugimendu handiena izan genuen. Hori dela eta, bizi dugun egoera ikusita, esan daiteke pozik gaudela ikasleen erantzunarekin. 


Nekez ahaztuko dugu joan den ikasturtea. Zer gordeko duzu zuk gogoan? 

Ez zaigu berehalakoan ahaztuko, ez jauna! Zuk esan moduan, martxora arte oso ikasturte emankorra ari zen izaten. Klase arruntez gain, Petra Lekuona Zaharren Egoitzarekin egin genuen hitzarmenari esker, bi astean behin bertaratzen ginen hango egoiliarrekin mintza-praktikak egitera. Oso aberasgarria izan zen guztiontzat. Tamalez, etxean geratu beharrak aurrez aurreko eskolak bertan behera uztera behartu gintuen. Bideo-deiak, etxerako lanak interneteko plataformen bidez... Beste bide batzuk aurkitu behar izan genituen. Gauza bera ez den arren, jakin izan genuen egoera horretatik gauza berriak ikasten, eta ahalik eta zuku gehien ateratzen saiatu ginen.


Zer moduz dago Intxixu AEK? Osasuntsu?

Arestian aipatu bezala, iazkoa azken urtetako ikasturterik jendetsuena izan zen. 11 aurrez aurreko talde, autoikaskuntzako ikasleak, ekintzak, irteerak, tailerrak...oso emankorra izan zen zentzu guztietan. Aipatu beharra dago Udalaren beka-sistema berriak ere zerikusia izan zuela horretan. B2 mailara arte %100era arte laguntzen du; C1 eta C2 mailetan, aldiz, %70 arte. Argi geratu da euskara ikasteko erraztasunak ematen badira, jendeak erantzuten duela.


Animatu Oiartzungo herritarrak izena ematera

Esan nahi genieke osasun-neurri guztiak bermatuta egongo direla; beraz, zentzu horretan zalantzatan dabilenak ez dezala kezkarik izan. Gainerakoan, gurera hurbiltzeko gonbidapena luzatu nahi genuke. Euskara maila hobetu nahi duenarentzat aukera paregabea da; maila hobetzeaz gain, mundu berri bat ezagutzeko eta herrian gehiago integratzeko aukera ematen du-eta. Oiartzun oso herri euskalduna da, eta beso-zabalik hartzen dugu euskara ikastera animatzen den oro. Bestalde, perfilen bat prestatu nahi duenarentzat ere toki aproposa da, B1etik hasi eta C2ra arteko azterketa taldeak eskaintzen baititugu. Beraz, anima zaitezte!


Irakasleak jarri ditu AEK-k erdigunean aurtengo matrikulazio kanpainan. Zure eskarmentutik, zer nabarmenduko zenuke irakasle ari zarenetik?

Guk ikasleei ematen diegu balio handiena, beraiek ematen baitiote zentzua gure lanari. Edonola ere, argi dago irakaslearen rol-a ezinbestekoa dela herri hau euskalduntze bidean. Gure kasuan, euskara irakasteaz gain, gure hizkuntzarekiko dugun pasioa transmititzen saiatzen gara. Oso aberasgarria da ikasleen hobekuntza hurbiletik jarraitzea, edota beraien hizkuntz ohiturak nola aldatzen doazen ikustea. Nire kasuan, behinik behin, lanbide bat baino askoz gehiago da; euskararen militanteak ere bagara. Sentitzen dugu helburu kolektibo bat dugula; horregatik, ezinbestekoa da denon elkarlana gure herria egunen batean euskaldundu dezagun.


Iruzkinak