'Iraileko lehen egunotan mugimendua nabari da euskaltegian'

 


Josu Ostolazak Oreretako Xenpelar AEK-ko lema darama. Haren alboan, jakina, lan talde zabala eta kementsua ari da jo eta su: Idoia Arbelaitz, Lurdes Zapirain, Maialen Otegi, Elena Vazquez, Iosu Arruabarrena, Axier Lasa, Aloña Braceras... AEKren gainerako euskaltegietan bezala, Xenpelar AEKn matrikulazio kanpaina hasi berri dute. Euskaltegiko zuzendariak dagoeneko lehen egunetan bulegoan bizitasuna dagoela nabarmedu du, eta baita protokolo guztiak beteko dituztela: "Gurera datorrenak jakin dezala modu seguruan egingo duela ikas-prozesua"

Nola doaz iraileko lehen egunak?

Bai geure burua eta bai euskaltegia egoera berrira ohitzeko lanetan ari gara. Segurtasun-tarteak, garbiketa arau zorrotzak, ikasgeletako aforoaren kalkuluak... Honez gain, iraileko ohiko lanak ere baditugu, matrikulazio kanpainari lotutakoak: kartelak, pankartak, prentsa-oharrak... Aspertzeko astirik ez.

Covid-aren ondorioz, ez genekien nolako erantzuna jasoko genuen ikasleen aldetik, baina lehen egun hauetan euskaltegian mugimendua nabari da. Informazio eske dabil jendea, euskara ikasteko gogoz. Beraz, oraingoz, ez dugu kexatzeko motiborik. 


Nekez ahaztuko dugu joan den ikasturtea. Zer gordeko duzu zuk gogoan?

Lankide zein ikasleengandik jaso genuen erantzuna. Irakasleok oso ondo jakin genuen egoera berrira moldatzen (asko ikasi dugu teknologia berrien inguruan) eta ahalik eta hoberen artatu eta mimatu genituen ikasleak. Ikasleei buruz ere ezin dut ezer txarrik esan, guztiz ulerkor azaldu dira bizitako egoerarekin eta eskerrak besterik ezin dizkiet eman. Asko erraztu dute irakaslearen lana. Gainera, haietariko askok eman dute izena aurtengo ikasturterako, beraz, nabari da gustura dabiltzala gurean. 


Joan den urteko zailtasunak zailtasun, osasuntsu al dago Xenpelar AEK?

Bai, noski, osasuntsu dago euskaltegia. Lantalde ona osatzen dugu, oso harreman ona dugu gure artean eta uste dut horrek emaitza onak ematen dituela. Goizeko 08:30ak aldera iritsi ohi da lehen irakaslea eta azkenak gaueko 22:00etan amaitzen ditu eskolak. Datu honek euskaltegia bizi-bizirik dagoela adierazten duela esango nuke, egun osoan ez baitu atsedenik hartzen. 


Nola animatuko zenituzke Oreretako herritarrak izena ematera?

 Ikasle bakoitzak bere arrazoi eta motibazioak izaten ditu euskara ikasteko: lan egin ahal izateko tituluak eskuratzea, familian edo lagun artean euskaraz bizi ahal izatea... Ikasteak onurak besterik ez ditu, bai ikaslearentzat, baita bere ingurukoentzat ere.

Gure nahia beti izaten da ikaslea eroso eta pozik aritzea euskara ikasten. Aurten ahalegin berezia egingo dugu hau hala izan dadin. Zorrotz ari gara lanean segurtasun protokolo guztiak betetzeko, beraz, gurera datorrenak jakin dezala modu seguruan egingo duela ikas-prozesua.

Irakasleak jarri ditu AEK-k erdigunean aurtengo matrikulazio kanpainan. Zure eskarmentutik, zer nabarmenduko zenuke irakasle ari zarenetik?

AEKko irakasleok euskaraz bizi nahi dugu gure egunerokotasunean. Beraz, guri ere komeni zaigu gure ingurukoek euskara ikastea. Agian honen ondorioz, inplikazio eta motibazio berezia izaten dugu irakasleok eta, kasu askotan, harreman estuak sortzen dira irakasle eta ikasleen artean. Ikasle-talde asko lagun-talde bihurtu ohi dira denboraren poderioz, eta esan dudan bezala, ikaslea eroso eta gustura egotea oso garrantzitsua da hizkuntza bat ikasi ahal izateko.


Iruzkinak