'Ikasle eta irakasleok familia txiki bat osatzen dugu'

Udane Migeltorena, Pasaiako Txirrita AEK euskaltegiaren bulegoaren atarian


Udane Migeltorena Tolosa ari da Pasaiako Txirrita AEK zuzentzen, Josune Uzkudun, Patxi Azparren, Xabier Alegria eta Raul Perez lagun dituela. Nola ez, euskaltegia itxuraldatzen ari dira COVID-19ak eskatuko dituen segurtasun neurri guztiak bete ahal izateko. Horrekin batera, urrian hasiko diren ikasleei harrera egitea da Udane eta bere lankideen zeregina asteotan. Zailtasunak zailtasun, Txirrita AEK-ko trainerua aurrera doa.

Nola doaz iraileko lehen egunak? Nolakoa izaten da iraila?

Iraileko lehen egunak dena berrantolatzeko erabiltzen ari gara. Ikasturte berezia datorkigu pandemia dela-eta. Euskaltegia ahalik eta gune seguruena izatea nahi dugu, eta horretarako, gelak ondo antolatu behar ditugu, aforoa murriztu, garbiketa antolaketa berria martxan jarri...

Pixkanaka ari da jende gurera gerturatzen. Zorionez, martxotik hona birusarekin bizitzen ikasten ari gara, eta jendea lasai eta gogoz etortzen ari da. 

Zaila izango da joan den ikasturtea ahaztea... Zer gordeko duzu zuk gogoan?

Ikasleek eta irakasleek izandako erantzuna. Egoera ez zen erraza, ezegonkortasuna eta nahasmena baitziren nagusi. Baina oztopoei irtenbideak topatzea lortu genuela esango nuke. Ikasle askok jarraitu zuten martxan etxetik, mintzapraktikak egin genituen online... Gure jarduna berrasmatu behar izan genuen denbora gutxian, beraz, irakasleei beren aitortza egin nahiko nieke. Eta nola ez, halako egoeran pazientziaz eta umore onez jarraitu zuten ikasleei eskerrak ematea tokatzen da.


 Joan den urteko zailtasunak zailtasun, osasuntsu al dago Txirrita AEK?

Bai. Azken urteetan ikasle asko izan ditugu inguruan, eta hori poztekoa da. Gainera, ohiko taldeez gain, azken bi urteetan mintza taldea atera dugu Udalaren laguntzaz, eta hori herria euskalduntzen jarraitzeko garrantzitsua da. Gurasoentzako eskaintza berezitua ere sortu nahi dugu, ez dugulako ahaztu behar zein garrantzitsua den hori euskararen transmisiorako.

Bestalde, Donibanen ere pixkanaka jendea gurera gerturatzea lortu dugu, mintza taldea, merkatariak... gurean denek dute aukera. Eta, azkenik, osasuntsu egoteko beste faktore bat dugun ekipoa dela esango nuke. Euskaltegi txikia da gurea, eta esan daiteke bertako irakasle eta ikasleek familia txiki bat osatzen dugula.


 Nola animatuko zenituzke Pasaiako herritarrak izena ematera?

Jendeak jakin behar du hemen arreta berezia ipiniko dugula euskaltegia leku segurua izateko. Zorrotz mantenduko ditugu COVID19a dela-eta bete beharreko protokoloak, segurtasun-distantziak, garbitasuna... Esan bezala, euskaltegi txikia gara, eta horrek hau dena modu ordenatuagoan eramaten lagunduko digula ziur gaude.

Horrez gain, eta koronabirusa alde batera utzita, herritarrei esango nieke, euskara ikasteak abantaila zoragarri ugari dakartzala eta hori ezagutzeko aukera paregabea dutela gurean.


Irakasleak jarri ditu AEK-k erdigunean aurtengo matrikulazio kanpainan. Zure eskarmentutik, zer nabarmenduko zenuke irakasle ari zarenetik?

Gertutasuna nabarmenduko nuke. Azken batean ikasleek eurek egin behar dute euskararako bidea, baina gertu izango duen irakaslea beharrezkoa da, euskara irakasteaz gain, motibatuko duena, eta konfiantza transmitituko diona. Horretan saiatzen gara. Sekulako poza da gure ikasleek aurrera nola egiten duten ikustea.

Iruzkinak