'Eskualdean oso estimatuak ditugu gure arduradunak, gure irakasleak eta batez ere gure ikasleak'

 


Nork ez du, bada, Edurne Lizarazu Lezon ezagutzen? Egunotan ikasturtea prestatzen dabil bere euskaltegian, Lezoko Oroitzene AEKn, Borja Arbelaitz, Imanol Fernandez eta Idurre Lopez lankideak ondoan dituela. Gainerako euskaltegietan bezala, ziurgabetasuna dute kezka nagusia urrira begira, baina Edurneri gogoa eta kemena ez zaiola falta ondo dakite lezoarrek. Euskaltegia egokitu dute jada, segurtasun neurri guztiak beteta, eskolak aurrez aurre eman ahal izateko urriaren 1etik aurrera
Nola joan dira iraileko lehen hiru asteak?

Bada, jada ahaztu dut nolakoa izan zen ni matrikulazioan egondako azken urteko iraila, baina mugimendua dexente moteldu delako irudipena dut, garai hartan A2-B1eko ikasleak etortzen ziren eta A1ekoak desagertzen ari ziren. Iaz A1eko talde handi bat izan genuen, eta gaur bertan A1eko bi talde dauzkagu, Lezora etorri berriak diren lagunek osatuta gehien bat. Orain C2gatik galdetzen du jendeak. Kartelak jartzen ere ari gara, sare sozialetan zabaltzen dugu informazioa, aforoa kalkulatzen gabiltza eta txandak egiten ditugu, uneoro ikaslegaiei nahi duten informazioa emateko.

Zer kutsu du irailak, ikasturtea hasi aurreko hilabeteak?

Irailean fresko antzera hasten gara, eta batzuk ez dugu jardun osoa ematen euskaltegian. Uda kutsua du, baina betikoa da: gure lanaren ziurgabetasuna hor dago. Ez dakigu irailaren 30 arte zer gertatuko den, zenbat talde osatuko ditugun. Beste urteetan baino pixka bat bajuago goaz ikasle aldetik, baina talde kopuruan ez gabiltza hain gaizki; hala ere, egun batzuk falta dira jendea etortzeko. Aurten zomorrotxoa eta itxialdien kezkak dauzkagu, online eskolak ere prestatuko ditugu. Aste pare bat edo etxetik jarraitu behar badugu, ez dugu moztuko eskolarik, baina horrek gurera etorriko dena ez du izutu behar. Iraila aldaketa da, eromena, baina urriak gehiago izutzen nau...

Aldrebesa izan zen, gero, pasa den ikasturtea...

On line bilerak izan genituen batetik eta bestetik. Kontua da euskaldunak beti bilduta gaudela: lanerako, herrigintzarako, pintxo poterako, edo familien arteko topaguneetarako. Nik inbidia pixka bat sentitu nuen etxea garbitu, margotu, edo film/serie pila bat ikusi eta literatura erruz irakurri zuten horiekiko. Ni itxialdian ez nintzen aspertu, baina ez nuen gozatu. Eta egia esan, orain hasiko gara berriro bilera birtualekin, eta ongi, baina udan ez ditut faltan bota. Atsedenaldi ederra izan dugu moztu genituenetik-eta!

Zer diote Oroitzene AEK-ko taupadek? Osasuntsu al dago Lezoko euskaltegia?

Bada, irakasle eskarmentudunak dauzkagu. Bestalde, maila guztietarako prest gaude, baita C2rako ere, eta eguerdian B2 mailatik gorakoentzako mintza talde handia izango dugu 15:30etik 17:30era. Udalarekin hartu-emana badugu eta horren harira nahi dugu gurasoek eta aitona-amonek 150€ko matrikula izatea. Guraso hauek euskaraz ikastera, hitz egiteko lotsa galtzera, edo mintzatzen direnak badira, hobetzera edo tituluren bat lortzera ere etor daitezke, baina hori oraindik lotu gabe dugu.

Eman bultzada lezoarrei euskara ikastera hurbil daitezen...

Eskuak garbitzeko baliabideak, distantziak, musukorik kenduko ez duen irakaslea, gela eta komun desinfektatuak, eta inork etxera joan beharko balu, edo diskuidoan bi astez itxi beharko bagenu, oso erraza den plataformaren bitartez eskolak eman eta jasotzeko oso ongi prestatuta gaude. Ikasturte hasieran ere ikasleak ongi gaituko ditugu ikasle autonomo izaten eta etxetik ikasteko baliabideak erabiltzen. Gainera, aurten Oroitzene AEKn, lexikoa ikasteko "hitzak ikasten" mugikorreko aplikazioa erabiliko dugu.

Irakasleak dira AEKren matrikulazio kanpainaren protagonistak. Zer azpimarratuko zenuke zure lanaz?

Bada lanbide honetan beti ari zarela ikasten eta gauzak deskubritzen, bai erakundeak bideratzen dizkigun ikastaroak direla-eta, bai irakasleok ,batzuek besteokin, konpartitzen ditugunak-eta. Ikasgu honetan orokorrean oso estimatuak ditugu gure arduradunak, gure irakasleak eta batez ere gure ikasleak. Guretzat sekulako poza eta lorpena da ikasle bat bi urtetan, bostetan, seitan edo 30etan euskalduntzea. Denetatik dago, baina lortzen dutenek, etsitzen ez dutelako da, ezina ekinez egina. Irakasle-ikasle sinbiosia gehienetan ona da AEKn.


Iruzkinak