Ikasturtea agurtu dugu Oarsoaldeko AEK-n
Oarsoaldeko AEK-ko lan taldea, ikasturte bukaerako batzarrean |
Urtero bezala, ekaina bukaeran ikasturteko azken batzarra egin dugu Oarsoaldeko AEK-ko irakasleok. Ikasturte nahasia izan da, noski, COVID19aren eraginez. Martxoa erdialdean ohiko eskolak utzi, eta orduz geroztik, internet edo telefono bidez aritu gara ikasleekin. Hori ez da, jakina, AEK-k gustuko duen lan moldea. Euskara praktikoa da gure leloetako bat eta hori gauzatzeko ikasleok gertu behar ditugu. Espero dugu urrian normaltasunez hastea ikasturte berria. Bien bitartean, udazkenetik hona egindakoa baloratu dugu, akatsetatik ikasteko eta udararen ostean hobeto aritzeko.
Bien bitartean, udaran ere ikastaroak eskainiko ditugu. Hori horrela, uztailetik irailera autoikaskuntza egiteko aukera dago, eta irailean, berriz, HABEren B2 eta C1 mailako prestatzeko ikastaro trinkoak. Hain zuzen ere, ikastaro trinkootan izena emateko epea zabalik dago oraindik, eta ostiralean, uztailak 10, informazio bilera egingo dugu Lezoko Oroitzene AEK euskaltegian, 11:00etan.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina