Ana Otxoa sopranoa elkarrizketatu du Oarso Bidasoako Hitzak

Ana Otxoa Pando da aste honetako Oarso Bidasoko Hitza egunkariko protagonista


Oarso Bidasoko Hitzak Ana Otxoa Pando elkarrizketatu du, eta azalera eraman du. Opera abeslaria da Ana, eta abenduaren 30ean Alare! Euskal operaren momentu handiak ikuskizunean parte hartuko du Bilboko Euskalduna jauregian. Bestalde, Pasaiako Txirrita AEK euskaltegian ari da euskara maila hobetzen. Euskaraz eta operaz aritu da elkarrizketan.

Hementxe dituzue elkarrizketaren pasarte batzuk:
"Bilbon bizi nintzenean dagoeneko euskara ikasten nuen. Maila izan ez arren, EGAko ariketak egiten tematzen nintzen. Arazoa zen, ordea, euskaraz oso gutxi mintzatzen nintzela. Lotsa hutsagatik zen. Nire lagun euskaldunek bizkaieraz hitz egiten zuten, batez ere, eta ni, ordea, euskaldun berria nintzen eta gainera euskara batua ikasten ari nintzen, hortaz, oso artifiziala nintzela iruditzen zitzaidan. Ulertu dut tontakeri galanta zela horrela pentsatzea, eta ez ditut halako arazorik. Gustura hitz egiten dut"

"Mundiala da giroa (Txirrita AEKn). Ikasketa eredua dut gustuko bereziki, oso dinamikoa da eta. Egunerokotasunetik tiraka ikasten dugu sarritan; gertakari baten inguruan hitz egiten dugu adibidez. Gustuko dut, ikasketa prozesu naturala iruditzen zait"

"Euskaraz operak egin dira eta kalitate handikoak gainera. Euskarak beste edozein hizkuntza bezala kultura elikatu izan du arlo askotan, ez da isolatua egon". Ez da azken 20 urteetan gertatutako zerbait, esan bezala XX. mende hasieran euskaraz oso opera politak egin ziren".

Iruzkinak