Nere Mujika eta Kantu Jirak, Oarsoarrak saria


Ostiralean, azaroak 29, Oarsoarrak Euskararen saria emango dute Pasai Donibaneko Juanba Berasategi Auditorioan (19:00etan). Euskararen Egunaren inguruan egin ohi den sari banaketa ekitaldian, Nere Mujika eta eskualdeko Kantu Jirak sarituko dituzte. Nere Mujikak irakasle lana egin zuen urte luzez. Frankismoaren urte beltzetan ere, euskara eta euskal kultura zabaldu zituen kosta ahala kosta, nagusiki dantza helduleku hartuta. Eskualdeko kantu Jirei dagokienez, euskal kultura sustatzeko egiten duten ahalegina saritu nahi da. Izan ere, euskaraz ez dakiten herritarrak ere gure hizkuntzara hurbiltzeko tresna aproposa da kantu Jira. Pasai Donibanen, Pasai San Pedron, Pasai Antxon, Oreretan eta Trintxerpen ateratzen dira herritar taldeak euskaraz abesten.

Ostiraleko ekitaldia ikusgarria izango da. Izan ere, besteak beste Tio Teron dantza taldeko kideek girotuko dute sari banaketa. Ohi bezala, Joxe Joan Ugaldek eta Naroa Iturrik gidatuko dute saioa, eta bukaeran mokadutxoa jateko aukera izango da.

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak erabakitzen du urtero Oarsoarrak saria nori eman, eta Oarsoaldeko AEK batzorde horren partaide da.

Aurreko urteotan, besteak beste, Lurdes Sistiaga irakasle sanjuandarrak, Mikel Ugalde euskaltzale oreretarrak, Karlos Ibarguren sendagileak eta Mintzalaguna eta Kuadrillategi egitasmoek etxeratu dute Oarsoarrak Euskararen saria.

Informazio gehiago OarsoBidasoako Hitzan

Iruzkinak