'Hotzean garbitu' film laburrak irabazi du Ikuska lehiaketaren Mintzagun saria

Marta Teijeira zuzendarietako bat, irabazitako txapela buruan

Ikuska Pasaiako Badiako Film laburren Nazioarteko Erakustaldiaren sari banaketa egin zuten larunbatean, Trintxerpeko alkateordetzan. Sari banaketaren hasieran euskarazko film labur onenaren Mintzagun saria banatu zuten, eta Hotzean garbitu lanak izan da irabazlea. Oarsoaldeko euskaltegietako ikasleek -tartean Oarsoaldeko AEK-koek- ikusi dituzte lehiaketara aurkeztutako euskarazko sei film laburrak, eta Maddi Barrenetxeak eta Marta Teijeirak zuzendutako lanak lortu ditu boto gehien. Sara Cozar eta IƱigo Gastesi aktoreak dira film laburraren protagonistak.

Marta Teijeirak jaso zituen txapela, garaikurra eta 600 euroko diru-saria, lan talde osoaren izenean, eta Gabonen bueltan lan taldeko kideren bat euskaltegietara etorriko da, film laburrari buruz hitz egiteko. Loreto Osa Pasaiako Euskara zinegotziak eta Raul Perez Oarsoaldeko AEK kideak eman zizkioten sariak Marta Teijeirari.

Pasaiako Txirrita AEKren eta Pasaiako Udal euskaltegiaren ikasleetako batzuek Trintxerpeko alkateordetzan ikusi zituzten euskarazko film laburrak, eta ondoren, gustukoenari botoa eman zioten.

Iruzkinak