'Batzordeetako jendearen ilusioa eta gogoa gertutik bizitzea hunkigarria da'
![]() |
| Amaia Arruti Arce, petoa jantzita, Garesen, eskualdeko lankideekin |
Amaia Arruti Arce eskarmentu handiko irakaslea da. Ikasturte honetan, Oreretako Xenpelar AEKn eskolak ematez gain, eskualdeko KORRIKA arduraduna da. Hortaz, bera ari da patroi lanetan, Orereta, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako 'Korrikaren txalupak' zuzen eramaten. Egun gutxi falta dira Korrika eskualdera iristeko...
Egun gutxi batzuk egun handirako. Dena prest?
Bai, astebete besterik ez da gelditzen KORRIKA gure eskualdera iristeko. Dena prest dugula esatea, gehiegitxo esatea izango litzateke, baina ia dena bideratua dugula esan dezakegu. Hilabeteotan buru-belarri aritu gara lanean KORRIKA kulturala, batzordeak, kilometroen kudeaketa, ekimenak... orain azken txanpa besterik ez zaigu geratzen, egindako lanaren saria besterik ez.
Azken hilabeteotan lan eta lan ibili eta gero, zer izan da politena?
KORRIKAk alde polit asko ditu. Bat aukeratzekotan, KORRIKAren baitan herrietan saretu diren batzordeetan parte hartzea aukeratuko nuke. Benetan hunkigarria da batzordeetan parte hartzen duen jendearen ilusioa eta gogoa gertutik bizitzea. Lan handia egin dute eragileekin harremanetan jartzen, KORRIKA kulturala antolatzen, KORRIKA lagun egiten... haiek gabe ez legoke KORRIKArik.
Eta zailena?
Zailena hilabete gutxi batzuetan duzun lan-zama, dudarik gabe. Gainera, KORRIKAko lanak eskolekin uztartu behar izan ditut eta batzuetan gogorra izan da ikasleei nahi besteko denbora ezin eskaini izana.
Zer esango zenieke Lezo, Oiartzun, Orereta eta Pasaiako herritarrei
21. Korrikaren atarian?
Apirilaren 12an, ostirala, eskualdeko herrietan parte hartzera anima daitezela. Oarsoaldean 21:05ean emango diogu ongietorria 21. KORRIKAri, Antxotik sartuko da eta hurrenez hurren, Trintxerpe, San Pedro, Donibane, Lezo, Orereta eta Oiartzun zeharkatuko ditu. Gaueko 00:37an emango diogu Astigarragari lekukoa, baina ez pentsa festa hor amaituko denik! Eskualdeko herri guztietan egitarau oparoak antolatu dituzte; beraz, bertara daitezela eta egin dezatela gurekin KLIKA!
Korrika egiteko aukera izango al duzu?
Eskualdeko ibilbidean autoan joan beharko dut ibilbidea markatzen. Hortaz, aurten ezingo dut KORRIKA egin eta egia esan, pena pixka bat ematen dit. Hala ere, ez naiz oso kirolari fina eta KORRIKA osoa ikusiko dudan lehenengo aldia izango da hau, eta ziur nago hori ere oso hunkigarria izango dela.
Animo, Amaia!!!!


Iruzkinak
Argitaratu iruzkina