Mintzamen taldea, Txirrita AEKren berrikuntza nagusia

Txirrita AEKren arratsaldeko ikasleetako batzuk

Joan den astean hasi zen 2018-2019 ikasturtea Oarsoaldeko AEKren lau euskaltegietan. Pasaiako Txirrita AEKn aurten, lehen aldiz, mintza taldea sortu dute. Ostegunetan, 19:00etatik 21:00etara, elkartuko da taldea eta, jakina, euskaraz hitz egin besterik ez dute egingo, ohiko eskolak alde batera utzita.

Normalizaziora begira, Pasaiako Udalaren euskaltegien lan-mahaian abiatutako egitasmoa da (Udalaren euskara zerbitzuak eta herriko bi euskaltegiek, udal euskaltegiak eta Txirrita AEKk, parte hartzen dute bertan). Izan ere, hainbat ikaslek, euren ikas-prozesua amaituta, ez dute euskaraz aritzeko aukera handirik inguruan. Edo besterik gabe, herritar batzuek, aspaldi euskara ikasitakoek (euskaltegian, eskolan edo etxean), praktikan jarri edo gogora ekarri nahi dute garai batean ikasitakoa.

Oraindik ere badago mintza taldean izena emateko aukera. Horretarako, euskaltegira deitu (943 525545) edo emaila idatz daiteke (pasaia@aek.eus).

Iruzkinak