Zu hemen zaude, Oarsoaldeko AEK ere bai!



Gaurko honetan Oiartzungo Doneztebe plazan, Intxixu AEK euskaltegiaren parean elkartu gara Oarsoaldeko AEK osatzen dugun irakasle eta arduradunok matrikulazio kanpainaren berri emateko.

Euskara ikasi eta landu nahi baduzu, edonon zaudela, bertatik bertara duzu AEK-ko euskaltegi bat,  100 euskaltegi baino gehiago, Euskal Herri osoan. Oarsoaldean hain zuzen ere, 4 euskaltegi dituzu  etxetik gertu: Oreretan, Pasai Antxon, Lezon eta Oiartzunen. “Zu hemen zaude, AEK ere bai”.

Beraz, bilatu hurbilen duzun euskaltegia, eta, urtero bezala, euskara praktikoa ikasteko eta lantzeko aukerarik onena eskainiko dizugu, eta lortuko duzu etxeko eta inguruko harremanak euskaraz izatea, lan-egoera hobetzea, bilatzen ari zaren euskara-maila eskuratzea...

Oarsoaldeko AEKn, zure eskariari erantzungo dion eskaintza aurkituko duzu: eskolak euskaltegian, autoikaskuntza, merkatarientzako ikastaroak, langabetuentzako trinkoak, mailak egiaztatzeko ikastaroak, erabilera areagotzeko jarduerak, mintzalaguna egitasmoak, AIZU! Aldizkaria...

Gurean denetariko eskaintza topatzeaz gain, erabileran oinarritutako metodologia izango duzu bidelagun. Gurekin lortuko duzu euskara ikastea edota hobetzea, baita mailak egiaztatzea ere; baina horretaz gain, zure egunerokoan euskararen erabilera areagotzea lortuko duzu, AEKn argi baitugu helburu nagusia erabiltzea dela, euskaraz bizitzea, azken batean.

Irailaren bukaerara arte Oarsoaldeko AEK euskaltegietan izena emateko aukera izango duzu, gertuen duzun euskaltegian zure zain izango gara, zu zauden lekuan, AEK ere badago eta!







Iruzkinak