Euskara-ikasleentzako diru-laguntzak: noiz eta nola eskatu
2017/2018 ikasturtean HABEren euskara-mailak edo horien baliokideak gainditu dituzten Oarsoaldeko AEKko ikasleek diru-laguntzak jaso ahalko ditu! Jarraian dituzue argibideak:
Nork eskura ditzake HABEren diru-laguntzak?
Diru-laguntza hauek eskuratu ahal izateko baldintza hauek bete behar dira:
- AEKn matrikulatua egon izana 2017ko martxoaren 17tik 2018ko abuztuaren 31ra bitarteko epealdian.
- 2017/2018 ikasturtean HABEren mailaren bat edo baliokideren bat egiaztatu izana:
- HABEren mailei dagokienez, 2017ko bigarren ebaluazio-garaian edo bigarren azterketa-deialdian edo deialdi irekian, edo 2018. urteko ekainaren arteko ebaluazio-garaietan edo lehen azterketa-deialdian egiaztatuak.
- 297/2010 Baliokidetza-Dekretuaren bitartez (uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuan bidez aldatua) HABEren mailen baliokide diren euskara-mailak egiaztatuakoen kasuan (IVAP, Ertzaintza eta Osakidetzako hizkuntza-eskakizunak, EGA, Hizkuntza Eskola Ofizialak…), 2017ko irailaren 1etik 2018ko abuztuaren 31ra bitartean egiaztatuak.
Nori ez dagokio HABEren diru-laguntza?
Jarraian aipatzen diren kasuetan ez dute HABEren diru-laguntza hauek jasotzeko eskubide izango:
- Azken bi ikasturteetan (2016/17 eta 2017/18) euskaltegi edo autoikaskuntza zentroan ikasitako mailak baino beheragokoa egiaztatzen dutenek.
- Herri Administrazioak finantzatuta eskolaratu diren ikasleek.
- Lehendik egiaztatutako maila bera edo beheragoko bat egiaztatu dutenek. Kontu izan, ondorio hauetarako, edozein baliokide hartuko dela kontuan. Adibidez, IVAPeko 2. hizkuntza-eskakizuna lehendik egiaztatua duen ikasle batek aurten HABEren B1 edo B2 maila egiaztatzen badu, ez du laguntza hauetarako eskubide izango.
Zer egin behar du baldintza horiek betetzen dituenak?
Aipatutako baldintzak betetzen dituenak eta diru-laguntza hauek eskuratu nahi izatera, eskaera Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren atariaren bitartez egin behar du ikasleak. Bertarako sarbidea helbide honetan dago (gainean klikatu). Ordenagailua erabili behar du datuak sartzeko. Eskaera aurkezteko bi aukera ditu: eskabide elektronikoa edo aurrez aurreko aurkezpena.
Eskabide elektronikoa aukeratzen badu, formularioaren datu gehienak beteta izango ditu. Eta bakar bakarrik sartu beharko ditu ordaindutako matrikulak; beste diru-laguntzarik jaso badu, zein erakundek eta zenbateko diru-laguntza eman dion; eta azkenean, HABEren diru-laguntza zein banku-kontutan jaso nahi duen. Eta horrela, inora joan gabe, etxetik bertatik edo nahi duen tokitik eskaera eginda izango du.
Eskabide elektronikoa egiteko identifikazio elektronikorako bitartekoren bat beharko du, hau da, ziurtagiri digitala (IT Txartela, IZENPE txartela, eDNI) edo erabiltzailea, pasahitza eta itsasontzi-jokoaren txartela (b@kq). Eskabide elektronikoa erabiltzea gomendatzen zaio, eta batez ere, itsasontzi-jokoaren txartela, hau da, b@kq txartela, edozein KZgunetan, ZUZENEAN zerbitzuaren bulegoetan edo IZENPEren webgunean jasotako gainerako arreta presentzialeko puntuetan (600 baino gehiago) eskatu eta unean bertan eskura dezakeelako eta, gainera, itsasontzi-jokoaren txartela erabiliz, nahi izanez gero, eskaera eskuko telefonotik edo smartphonetik bertatik egin dezakeelako.
Aurrez aurreko aurkezpena aukeratzen badu, bete beharreko formularioa hutsik izango du eta datu guztiak idatzi eta sartu beharko ditu. Gainera, datuak bete ondoren, formularioa inprimatu, eskuz sinatu eta ZUZENEAN zerbitzuko edozein egoitzatara (Bilbon, Kale Nagusia 85; Donostian, Andia 13; Gasteizen, Ramiro de Maeztu 10) joan eta bertan aurkeztu beharko du. Era berean, kontuan izan behar du eskaera aurkeztu ondoren gainerako eginkizunak eta izapideak egoitza elektronikoko “Nire karpeta” eremuaren bidez egin beharko dituela, eta horretarako, ezinbestez identifikazio elektronikorako bitartekoren bat beharko duela.
Hemen duzu eskuragarri Eskaera egiteko jarraibideak izeneko txostena.
Egoitza elektronikoaren eta b@kq txartela eskuratzearen inguruko argibideetarako:
Noiz egin behar da eskaera?
Diru-laguntzetarako eskaria burutzeko epea 2018ko irailaren 12tik urriaren 11ra bitartekoa izango da, biak barne.
Zenbat diru eskura dezake ikasleak?
- Egiaztatu den maila bakoitzeko jarraian zehazten den kopurua eskura dezake gehienez ikasleak:
- HABEren A1 maila: 150 euro
- HABEren A2 maila: 200 euro
- HABEren B1 maila edo baliokidea: 550 euro
- HABEren B2 maila edo baliokidea: 500 euro
- HABEren C1 maila edo baliokidea: 150 euro
- HABEren C2 maila edo baliokidea: 100 euro
- Irizpide nagusi bezala, ikasleak ezin dezake eskuratu berari euskaltegian/zentroan 2016/17 eta 2017/18 ikasturteetan ikastea kostatu zaiona baino gehiago. Horretarako, norberak ordaindutakoa eta jasotako beste diru-laguntza publikoak izango dira kontuan.
- Guztira 1.800.000 euro aurreikusi dira diru-laguntza hauetarako. Kopuru hau onartutako eskari guztiei erantzutera helduko ez balitz, hainbanaketa egin beharko litzateke.
Noiz erabaki eta eskuratuko dira diru-laguntzak?
Deialdi honetan zehaztutako irizpideak aplikatu ondoren, HABEren zuzendari nagusiak eskabideen gaineko ebazpenak emango ditu, eta interesdunei jakiaraziko Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren postontzi nagusian argitara emanez eta HABEren egoitzetako iragarki-tauletan erantsiz. Hau guztia, 2018ko abenduaren 20a baino lehen.
Ikasle bakoitzari dagokion diru-laguntza, ahal dela behintzat, 2018 urtea amaitu aurretik ordainduko zaio eskaera-orrian adierazitako kontu korrontean.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina