Txita bizikletek emango dute matrikulazio kanpainaren berri eskualdean



Oarsoaldeko euskaltegiek matrikulazio kanpaina orokorra aurkeztu dute paraje paregabean: San Markosen, eskualde osoa begi-bistan zutela. Borja Arbelaitz Oarsoaldeko AEKren zuzendariak aurkezpen ekitaldian parte hartu zuen. Izan ere, Lezoko Oroitzene AEKk, Oiartzungo Intxixu AEKk, Oreretako Xenpelar AEKk eta Pasaiako Txirrita AEKk ateak zabalik dituzte udako oporrak eta gero.

Herritar guztien beharretara zuzendutako ikastaroak eskainiko dira eskualdean: hutsetik hasteko, irakurtzen eta idazten moldatzeko, euskara familiako ohiko hizkuntza izateko, azterketak prestatzeko, etorkinek euskararekin lehen kontaktua izateko...

Zatoz! izan da aurtengo kanpainarako aukeratutako leloa. Irudiak positibotasunaren ideia zabaltzen du, eta azken finean erronka berri bati, kasu honetan euskara ikasteari, ekiteko erabakia, kementsu eta gogotsu hartutako erabakia. Merezi duelako.  Kanpaina ikusgarria izan dadin, irailaren 12tik 25era txitak -hiru gurpildun bizikletak- eskualdean zehar ibiliko dira.


Iruzkinak