Sophie Stephensonek bere lana erakutsiko du Atlantikaldia jaialdian

Ostegunetik igandera bitartean, Atlantikaldia jaialdia izango dugu Oreretan, eta ostegunean bertan, Sophie Stephenson dantzari eskoziarrak azken hilabeteotan mamitutako lana erakutsiko du. Musika, dantza eta zinema dira bere lanaren osagaiak. Udaberrian egon zen gurean Sophie, eta Oreretako Xenpelar AEK euskaltegian ere aritu zen.



Hona hemen AEKren Aizu! aldizkarian egindako elkarrizketaren pasarte batzuk.

Zer topatu duzu gurera egindako lehen bidaia honetan?Antzekotasun asko nire herriarekin. Neuk ere hizkuntza gutxitu bat hitz egiten dut: gaelera. Euskaraz hitz egiten duen jendeak gaztelaniaz ere badaki, eta Eskozian gaelera dakien jendeak ingelesa ere badaki; hortaz, gaelera zein euskara aukera bat dira. Gaztelaniak eta ingelesak agintzen dute, zuek nahiz gu tinko borrokatu behar gara gure hizkuntzei eusteko. Dena den, iruditzen zait azken 20 edo 30 urteotan erakundeak gehiago babesten ari direla bi hizkuntzak, eta herrialde bietan areagotu egin da independentziarako joera; gure kulturarekiko eta hizkuntzarekiko konfiantza handitu izanaren isla da hori.  Azkenik, bi hizkuntzok ikasteko arrazoiak gertuago daude identitatetik praktikotasunetik baino.
Zure esperientzia oinarri, euskara eta gaelera konpara daitezke?
Kontatu didate euskaldunei garai batean ez zietela uzten euskaraz hitz egiten. Bada, gaelerarekin beste horrenbeste gertatzen zen; nire birraitona, esaterako, eskolan ezin zen gaeleraz mintzatu. Hala eginez gero, zaplaztekoa ematen zioten. Bi herrialdeotan, belaunaldi batek bere hizkuntza galdu izan du; zorionez, hezkuntza sisteman aldaketa gertatu da eta, horri esker, haurrek berreskuratu egin dute. Nire gurasoek ez dute gaeleraz egiten, eta eskolan ez nuen jaso, unibertsitatean hasi nintzen gaelikoa ikasten. Hizkuntzaren egiturak oso desberdinak dira ingelesarekin alderatuta, baina, euskararekin gertatzen den bezala, zenbait hitz ezagutzen ditugun berben antzekoak dira: banketxea, ospitalea, telebista... integratutako hitzak dira.
Lehen harremana izan duzu euskararekin. Zer azpimarratuko zenuke gure hizkuntzari buruz?
Ikasgelako jarduna kostatu egiten zait, baina, halere,  gehiago hitz egiten dut euskaraz gaztelaniaz baino. Murgiltzea da biderik onena  hizkuntza bat ikasteko. Errepikapena eta testuingurua giltzarri dira edozein hizkuntzatan: telebista, irratia... Testuinguruak naturala izan behar du.
Zerk eman dizu atentzioa euskal kulturan?
Eskoziako tabernetan, musika oso ohikoa da; hemen, aldiz, ez hainbeste. Hemen, batik bat, oholtza gaineko emanaldiak ikusi ditut. Gainerakoan, Herri Urratsen egon nintzen, Benito Lertxundiren kontzertu batean, Kukai dantza taldearen emanaldi batean... Herri Urrats dela-eta, deigarria iruditu zitzaidan dena musu-truk izatea, Eskozian guzti-guztia ordaindu behar baita!  Emanaldiak askotarikoak izatea gustatu zitzaidan: dantza tradizionalak, bertsolariak...

Elkarrizketa osoa irakurtzeko, egin klik hemen

Iruzkinak