Zatoz gurekin euskaltegira!

Txirrita AEK-ko eta Udal Euskaltegietako ikasle eta irakasleak, udal ordezkariak eta bideo egileak ageri dira argazkian


Pasaiako Udalak, Pasaiako Txirrita AEK-k eta Pasaiako Udal Euskaltegiak 2015-2016 ikasturterako matrikulazio kanpaina aurkeztu dute. Hain zuzen ere, Iker Galartza aktorea eta ikasleak beraiek protagonista dituzten lau bideo labur egin dituzte, lau eskaintza nagusiak irudikatzeko: langabetuentzako ikastaro trinkoak, transmisio taldeak (gurasoei zuzendutakoak), merkatarientzako euskara eskolak eta gazteentzako eskaintza bereziak (eskola arruntak eta tailerrak).

Ikusi bideoak

Aipatutako ikastaro horiek guztiak diruz lagundutakoak dira. Hau da, eskolen %85era joan eta bi urteko zati bakoitzean bi urrats gainditzen dituzten ikasle pasaitarrek dirulaguntza jasoko dute. 2014-2015 ikasturteko dirulaguntzak asteotan jasotzen ari dira ikasleak. Hortaz, dirulaguntza hori erabili ahal izango dute ikasturte berriko matrikula ordaintzeko.

Ikastaroei eta dirulaguntzei buruzko informazio gehiago eskuratzeko Txirrita AEK-ra joan zaitezke (Pasai Antxoko topo geltokiaren ondo-ondoan), 607 545381 telefono zenbakira deitu edo pasaia@aek.eus eposta helbidera idatz dezakezu.

Iruzkinak