Kimutx Kultur elkarteak jaso du 2014ko Oarsoarrak saria


Argazkia: oarsoarrak.net

Oarsoarrak saria urtero euskararen alde urrats nabarmenak ematen dituen eskualdeko talde edo elkarte batek jasotzen du. Aurreko urteetan, besteak beste, Irrien Lagunentzat eta Banaiz Bagara elkartearentzat izan da saria, eta aurten Kimutx Kultur elkarteak jaso du. Kimutxek 0 eta 12 urte bitarteko haurrak Euskal Herriko mitologiara, kulturara eta folklorera gerturatzen ditu, eta euskara eta auzolana dira bere zutabe nagusiak. Taldeko kideek poz handiz jaso zuten saria, haurrez inguratuta, Oreretako Xenpelar etxean.

Dena dela, txaloak ez dira Kimutxentzat izan bakarrik. Izaskun Madariaga irakasleak ere aipamen berezia jaso du urtetan euskararen alde egin duen lanagatik. Izan ere, haur eskolaren eredua berak sortu zuen.

Aipatzekoa da, era berean, Mertxe Mugika eta Asier Amondo AEK-ko kideek Korrika 19ri buruz hitz egin dutela Oarsoarrak sari banaketa ekitaldian. Gogoan izan 2015 Korrika urtea izango dugula eta nola ez, Korrika 19 eskualdetik pasatuko da.

Hementxe dituzu Oarsoarrak-en webgunean sari banaketa ekitaldiari buruz zabaldutako albistea eta Oarsobidasoako Hitzak kaleratutako albistea.

Oarsoaldeko AEK-k ere zoriondu nahi ditu saritutakoak, Kimutx taldea eta Izaskun Madariaga, haien lana eredugarria delako.

Iruzkinak