"Txinatar inperioan barre egiteko hainbat tenplu zituzten"



Egunotan Maialen Viaña psikologoaren bisita jasotzen ari gara Oarsoaldeko AEKren euskaltegietan. Maialen barreterapia zer den erakusten ari zaigu. Pasaiako Txirrita AEK euskaltegiko talde batzuek galdera sorta prestatu dute, eta hementxe Maialenen erantzunak.

Zer da barreterapia? Nola eta non sortu zen barreterapia fenomenoa?
Umorea, dibertigarria eta barrea bezalako kontzeptuak biltzen dituen terapia edo modalitate terapeutiko bat dugu. Teknika honek barrea helburu terapeutikoetarako erabiltzen du, baita garapen pertsonalerako ere. Barreterapia antzinean erabiltzen zen, orain dela 4.000 urte, txinatar inperioak osasuna egonkortzeko helburuz, pertsonak elkartzeko erabiltzen zuen eta barre egiteko hainbat tenplu zituen.

Zenbat pertsonak egin dezakete batera?
Aretoaren arabera. Garrantzitsuena espazio zabal eta eroso batean egitea baita.10-20 artean da egokiena.

Barreterapia saio indibidualak egiten al dituzu?
Ez, izan ere, garrantzitsua da taldean barre egitea, taldean egitea askoz aberasgarriagoa da.

Zertarako da ona?
Barrearen bitartez eskura ditzakegun onura psikologiko, sozial eta fisikoetarako paregabea da. Eta ezin dira ahaztu norberaren ezagutza eta hazkuntza pertsonalerako ematen dizkigun baliabideak.

Noiz, zer kasutan erabil daiteke?
Barreterapia, orokorrean, pertsona mota guztientzako erabilgarria da. Bai nahaste psikologikoak dituzten pertsonentzat, eta baita osasuntsu bizi diren eta bizi kalitatea hobetu nahi duten pertsona guztientzat ere.

Astean zenbat saio egitea aholkatuko zeniguke?
Astean behin eginez gero, nahikoa da. Baina garrantzitsuena erregulartasunez barre egitea da. Kirolaren antzera, hobe da egunero pixka bat egitea, aste batean asko egin eta hilabete oso batean ezer ez egitea baino.

Non eta nola ikas daiteke barreterapia?
Eskola asko daude. Euskal Herrian ez hainbeste, batez ere Madrilen eta Bartzelonan daude. Ikasteko ez dauka misteriorik: parte hartu, jolastu, gozatu eta bizi!


Iruzkinak