Pasaia, euskaraz bizitzeko Prest!

Prest! lelopean Pasaian euskarak gero eta toki handiagoa izan dezan lanean ari dira Udala eta herriko eragileak, tartean Pasaiako Txirria AEK euskaltegia, eta dinamika horrekin lotuta, urtarrilaren 25ean, larunbata, Pasaiak euskaraz bizitzeko prest dagoela ozen esango du; ekitaldi ikusgarria egingo dute Pasai Donibaneko San Juan plazan.

Pasai Donibanen bada Prest izeneko euskara taldea, eta jakina, haiei egokituko zaie ekitaldian hitza hartzen lehenak izatea. Jarraian, eskoletako haurrek koreografia bat aurkeztuko dute, Esti Etxeberriak San Pedroko kantariak egunerako propio sortutako abestia kantatuko du eta Albaolako ontziek Prest! leloa itsasoan zabalduko dute.

Hori guztia egin eta gero,mosaiko itxuradun argazkia aterako da bertaratutako guztiekin, eta amaitzeko, Ander Lizarraldek osatutako bertsoa abestuko dute udal eta elkarteetako ordezkariek. Hona hemen aipatutako bertsoa:

Barruak hala esan digu ta
hurbildu gara bertara
batera bizi daitezen beti
Pasaia eta euskara
zeinek elkartu behar gaitu ba
gu saiatzen ez bagara?
Euskaraz bizi nahi dugu eta 
PREST sentitzen gara ja
Pasaitar denak ekin lanari
euskararen garaia da!

Ekitaldia 12:00etan hasi eta 13:00etan bukatuko da, eta bertaratutako guztiek elastikoa jasoko dute opari.






Iruzkinak