BERTSO TXAPELKETA NAGUSIA 2013. GIROTZE IKASTAROA

Dakizuen bezala, Oarsoaldeko euskaltegiek, Oarsoaldea Garapen Agentziarekin batera, Mintzagun ekimena jarri genuen martxan pasa den ikasturtean. Mintzagun egitasmoaren aurkezpenean genioen bezala, Eskualdeko ikasleei eta euskara ikasi berri dutenei euskara erabiltzeko aukerak eskaintzeko, hain zuzen ere. Mintzagunek euskalduntzearen dimentsio soziala nabarmendu, indartu eta zabaldu nahi du.

Oraingoz, egitasmoak bi adar nagusi ditu: batetik, ikasturtean zehar euskaltegietako ikasleei zuzendutako tailerrak daude, non adituak arituko zaizkien gai jakin batzuen inguruan, gai edozein delarik ere eta, bestetik, maiatz aldean aurrenekoz egin zen Mintzagun Jaia.

Horrela, bada, ikasturte honetako tailerrei ekin diegu dagoeneko eta lehendabiziko tailerra garai honetarako oso aproposa izango da. Izan ere, Bertsolari Txapelketa Nagusia abian dago eta euskal hizkuntzaren eta kulturaren adierazpen arrakastatsuenetakoa dena euskara ikasleengana hurbildu nahi izan dugu. Horretarako, 2 orduko formatuko saioak antolatu ditugu, Txapelketako saio batera joan nahi lukeenak zer aurkituko duen azaltzeko, zeri erreparatu behar zaion, zeri heldu... Azken batean, Txapelketako saio batera joan eta galduta ez ibiltzeko saioak izango dira. Behin tailerrak emanda, asmoa da taldeak antolatzea eta denak elkarrekin Txapelketako finalaurrekoren batera joatea, ikasitakoa praktikan jartzeko.

Antolatzen ditugun Mintzagun tailer-sorta bakoitzean beti izaten da saio bat, euskaltegi horretako ikasleentzat ez ezik, herritarrentzat ere irekia izaten dena. Oraingo honetakoa Oreretako Xenpelar AEK euskaltegiak antolatzen duena izango da eta, kartelan ikus dezakezuenez, Oreretan izango da, urriaren 30ean, asteazkenarekin, 20:00etan, Reina Aretoan (Xenpelar k/ 2 bis). Anima zaitezte!

Iruzkinak