Xenpelarreko ikasle eta irakasleak, Gipuzkoako Hitzan

      (argazkian, Jexux Olaziregi Oarsoaldeko Korrika arduraduna, bere ikasleekin)

Oreretako Xenpelar euskaltegiko ikasle eta irakasleak Gipuzkoako Hitza egunkarian ageri dira aste honetan. Euskarazko egunkariak erreportaje zabala egin du Korrika 18ri buruz. Batez ere, Korrika prestatzeko egiten den lanari buruzkoa da erreportajea. Borja Arbelaitz Xenpelar euskaltegiko arduradunak kontatuko dio Gipuzkoako Hitzari zer lan egiten ari diren eskualdean Korrikari merezi duen ongietorria egiteko.

Irungo eta Andoaingo AEK euskaltegietako arduradunekin ere hitz egin du kazetariak.


Hemen duzue erreportajearen hasiera:


Lasterketaren makinistak


"Eromena da!". Borja Arbelaitz (1976, Errenteria) Oarsoaldeko AEK-ko arduraduna da. Korrika askoren antolaketan parte hartzea egokitu zaio, eta lasterketaren atariko hilabeteak euskaltegian zurrunbilo bat izaten direla dio. "Batez ere, bigarren hiruhilekotik aurrera, lana asko ugaritzen da; sukalde eta prestaketa lan handia eskatzen du". AEK-ko langileek beren gain hartu behar izaten dute antolaketa horren arduraren zati handi bat, eta lan gaitza izaten da, euskaltegiko martxa ezin izaten baitute eten. Irungo euskaltegian dihardu Idoia Genua Alzurik irakasle (1966, Irun), eta Enara Zubeldia Zabalarekin batera, Irungo AEK-ko Bidasoaldeko arduraduna da. "Bada ikasle tipologia bat lan dinamika handia eskatzen duena; askok, esate baterako, titulu bat eskuratzea izaten dute helburu, eta ezin da lan erritmoa geratu". Hartara, Korrika antolatzea lan "erantsia" izaten da AEK-ko langile gehienentzat. "Gustura aritzen gara, lan giroa ere halakoa delako". Baina badira zailtasunak eta buruhausteak, nahi baino gehiagotan: "Zenbaitetan, ez gara denera iristen".

Gehiago irakurri

Iruzkinak