Korrika 18ren bukaera zirraragarria Oarsoaldean

Pasai Antxoko Txirrita euskaltegiko ikasle eta irakasleak, Korrika noiz iritsiko zain

 Larunbatetik igandera bitarteko gaua ahaztezina izan zen Oarsoaldean. Korrika Buenavistan zehar sartu zen eskualdean, Pasai Antxon zehazki. Toki horretan, nola ez, Txirrita euskaltegiko hiru ikaslek partekatu zuten lekukoa. Delfinek, Krisek eta Fredyk. Pasai Antxotik -hori zen hori jendetza, alajaina!- Pasai San Pedrorantz eta, txalupaz, Donibanerantz. Lezok eta Oreretak egin zioten ongietorriari Korrika 18ari jarraian, eta azkenik, Oiartzunera iritsi zen euskararen aldeko ekimen jendetsua. Herri guzti-guztietan jendetza!

Baionara iritsi bezain pronto Korrikarekin egin genuen topo!


Baina jaia ez zen igande goizaldean bukatu. Oarsoaldeko AEKren autobusa 10:00etan abiatu zen Baionarat Oreretatik. Eta hara!, oina lurrean jarri Baionan eta zerekin topo egingo eta Korrikarekin! Ez, ez ginen berandu iritsi; Korrikak bira batzuk eman zizkion Baionari behin betiko helmugara iritsi aurretik. Azkenean, 12:30ak pasata, irakurri zuen Amets Arzallus bertsolariak lekukoaren barnean 11 egunez bidaiatu duen mezua. Eta handik aurrera, festa handia: kontzertuak han eta hemen, sabela betetzeko hamaika aukera, eguraldi paregabea -zer nolako aldea Andoainen lehen egunean topatutakoarekin-... Eta garrantzitsuena, euskara elkarri emateko aukera nonahi!

Korrika 18ren une hunkigarrienetakoa izan zen Amets Arzallus bertsolariak mezua irakurri zuenekoa


Korrika 18 bukatu bada ere, besteak beste, Facebook bidez gogora ekar ditzakegu utzi dizkigun hamaika une hunkigarriak. Sartu beraz gure facebook orrian!

ETA BAI, SEIGARREN ASMAKIZUNAREN ERANTZUNA KORRIKAREN LEKUKOA ZEN
Erne, oporretatik bueltan asmatu duzen guztion artean lehiaketa mundiala egingo dugu...

Iruzkinak