Korrika 18 martxoaren 23tik 24rako gauean sartuko da Oarsoaldean

  (Argazkian, Korrika 18ko arroparekin noski, Oarsoaldeko AEKko  irakasleetako batzuk dotore dotore)

Korrika 18rako motorrak berotzen hasteko garaia dugu! Gaur, Oarsoaldeko AEKk agerraldia egin du Buenavistako errotondan. Zergatik hor? Ba Altzatik jaitsi ostean, errotondara iritsi eta eskualdera sartuko da euskararen aldeko ekimena. Korrika 18 martxoaren 14an abiatuko da Andoaindik eta azken gauean, martxoaren 23tik 24rako gauean egingo diogu ongietorria eskualdean.

Lehenik, Pasai Antxon sartuko da. Handik, Trintxerpe eta San Pedrorako bidea hartuko du. Motorak eramango du lekukoa Pasai Donibanera, eta handik Lezora, Oreretara eta Oiartzun aldera joango da Korrika 18ra. Gau horretan, jakina, hainbat jarduera egingo ditugu eskualdea girotzeko, ez izan dudarik. Eta aurreko asteotan ere izango da zerekin gozatu. Plaza honetan emango dizuegu egingo dugun guztiaren berri.

Bestalde, Korrika batzordeak antolatzeko bilerak egingo ditugu berehala eskualdean. Ez dago esan beharrik asko estimatuko genukeela zuek guztiok bilerotan egotea ideia guztiak aberasgarriak direlako. Hementxe datak:

Orereta: urtarrilaren 16an, asteazkena, 19:00etan Xenpelar euskaltegian

Pasai Antxo: urtarrilaren 17an, osteguna, 18:00etan, Txirrita euskaltegian

Lezo: urtarrilaren 18an, ostirala, 17:30ean, Oroitzene euskaltegian

Oiartzun: urtarrilaren 18an, ostirala, 17:30ean, Intxixu euskaltegian

Korrikari buruzko informazio gehiago dugu blog honetan bertan.

Eman euskara elkarri!

Iruzkinak