Pasai Antxoko Txirrita euskaltegikook, perretxiko bila


Txirritakook ez dugu eguna alferrik galdu, eta perretxikotan pasatu dugu goiza

Euria gogotik ari bazuen ere, hitzorduari eutsi diogu irakasleok eta baita zenbait ikaslek ere -eta haur batzuk ere batu zaizkigu-. Goizeko 10:00etarako denak elkartu gara euskaltegiko atean. Patxi, gure aditua, saski eta guzti, jakina. Autoak hartu eta Artikutza aldera abiatu gara. Zorionez, iritsi bezain laster atertu du. Hori bai, aparkalekuan auto dezente zegoen; batzuk aurreratu zaizkigu...

Pare bat orduz ibili gara Artikutzako basoetan barrena. Batzuek nahikoa lan izan dugu perretxiko onak eta txarrak, jan zitezkeenak eta bertan utzi behar zirenak, bereizteko, baina tira. Zer edo zer ikasi dugu...

12:00ak aldera, nekea nabaritzen hasi garenez, ba geldialditxo bat egin eta hamaiketakoa egin dugu. Sekulakoa, gainera! Ogitartekoak, txorizoa (Salamankakoa eta Leongoa, autentikoak!), txokolatea, fruitu lehorrak...

Gure hurrengo zita klasetik kanpo, azaroaren 16ko afaria izango omen da. Dena dela, erne: aurretik akaso beste zerbait antolatuko dugu...


Iruzkinak