AEK-REKIN, OARSOALDEAN, EUSKARA BIZIA



           Bizi-bizia dator aurten AEK matrikulazio garai honetan, bizi baitugu euskara, gure hizkuntza; bizi baikara euskaraz. Aurten ere, ohi bezala, hizkuntza bera ikasteko eta lantzeko abagune bizia.

            Horren berri ematera gatoz gaurko egunean Oiartzungo, Pasaiako, Lezoko eta Orereta-Errenteriako AEKren euskaltegiek osatzen duten Oarsoaldeko AEKkook.

            Gauza jakina da gure metodologia bizia dela eta gure konpromisoa bizipen horiek ematea herritar guztiei, euskalduntzea Euskal Herriko eta Oarsoaldeko azken txokoraino eramatea. Horrexegatik gara hedapen zabalena duen euskaltegi sarea, hala Euskal Herrian nola Oarsoaldean bertan. Horrek guztiak eraman gaitzake esatera herritarrei hitza emateaz gain, hitzekoak ere egiten gaituela. Izan ere, helduen euskalduntze eta alfabetatzearen arloak azken urte luzeotan eskatu dituen erronka berrietara egokitzen saiatu gara.

Etengabeko egokitze prozesu horrek askotariko fruituak eman dizkigu, esaterako:
l        Gaur egun ordutegi aldetik zein bestelako faktoreak direla medio ezintasunak izan ditzaketen ikasleei zuzendutako autoikaskuntza sisteman aitzindarietakoak izan gara Euskal Herrian eta sistema horixe eskaintzen dugu Lezon, Oiartzunen eta lehen aldiz Antxoko Txirrita AEK euskaltegian (bertako udalen berariazko laguntzaz).
l        Hizkuntza bat ikasteko eremu naturaletan eta eraginkorretan sinisten dugunez, Familia Transmisiorako kanpainetan ere aitzindari izan gara eta Gogoa Zubi bezalako kanpainak jarri ditugu abian, eskualdeko erakundeekin batera. Kanpaina horiexek gaur egun eredu dira Euskal Herri osoan.
l        Azken urteotan enpresa nahiz bestelako elkarteen neurrira egindako ikastaroetan eskarmentu handia hartu dugu: bai euskalduntze orokorrekoetan bai xede berezikoetan. Ikasleak honakoetan izan ditugu: Pasaiako Portua, Tajo Coop, ABB Niessen, Haurtzaro Ikastola, Carrefour, Pasaia-Lezo Lizeoa, Oiartzungo Udala, AlCampo, Errenteriako Udala...
l        Edozein hizkuntza ikasteko modurik azkarrena eta eraginkorrena erabiliaz dela uste dugu, horregatik, erabilerari berebiziko garrantzia ematen diogu. Hala, geure eguneroko eskoletan mintzamenari eta gaitasun ekoizleei leku berezia eskaintzeaz gain, erabilerarekin zuzenki lotutako ekimenak sortu eta sustatzen ditugu: eskolaz kanpoko jarduerak, asteburuko barnetegitxoak, ikastaro berezituak, Mintzalagun egitasmo desberdinetako kudeaketa edota sustapena...
l        Euskalduntzea prozesu integral gisa ulertzen dugu eta geure jarduna dibertsifikatu egin dugu. Era horretan, AHIZE zerbitzuaren bidez hainbat egitasmo eraman ditugu aurrera: Pasaiako Portuaren euskalduntze planaren kudeatzaile izan gara, baita Lezo Berriro Euskaldun egitasmoarena ere; Lanbide Heziketako ikasleen praktikaldiak euskalduntzeko egitasmoa kudeatzen dugu, Oarsoaldea Garapen Agentzia eta Don Bosco ikastetxearekin batera...

            Euskara bizia eta euskaraz bizi, horiek dira gure eskaintzak eta helburuak. Euskaltegia eskaini zuzenean euskaraz entzun eta mintzatzeko. Aldi berean, azterketa ofizialak prestatzeko ikastaroak ere berdin-berdin jarraituko dugu eskaintzen. Eta herrietako euskalduntzean ere eragiten jarraituko dugu, hainbat ekitaldi sozialetan parte hartuz: Santo Tomas azokak, jaietako ekitaldiak, udaberri jaiak, sagardo egunak...

            Ikusten duzuenez, herritarrek euskara bizia jaso eta bizi ez dezaten aitzakia gutxi egon liteke, Oarsoaldeko AEK-k ahalik eta erraztasun gehien ematen ditu-eta.



            Lezoko Oroitzene AEK
            Donibane 12, Lezo.
            943 519144
            lezo@aek.org

            Oiartzungo Intxixu AEK
            Fermiñene Etxea. Aialde 2, Oiartzun.
            943493957
            oiartzun@aek.org

            Oreretako Xenpelar AEK
            Biteri 30, 1. Orereta
            943340233
            orereta@aek.org

            Pasai Antxoko Txirrita AEK
            Zumalakarregi 9 (atzeko aldea)
            943525545
            pasaia@aek.org

Iruzkinak