Txirrita euskaltegiaren txangoa txokolatearen museora


Ikasturtea aho zapore gozoarekin bukatu dugu!!! 



Ikasturtea oso modu gozoan bukatu dugu Txirrita euskaltegian, Josune irakasleak izandako ideia onari esker. Nora joan ahoa goxatzera? Ba Pasai Antxon trena hartu eta Tolosara joan gara, txokolatearen museora. Tolosako Turismo Bulegoan aritzen den Bryanek gidari lana egin du. Kakaoa, txokolatea, eztia, turroia eta abar egiteko mendez mende erabili diren tresna edo lanabesak erakutsi dizkigu, eta hamaika bitxikeria kontatu dizkigu. Adibidez, denbora askoan konfiteroak oso-oso garrantzitsuak izan zirela herrietan, elikagaiak kontserbatzen zituztelako. Eta horrek balio handia zuen, ez zeudelako ez hozkailurik ezta gaur egun ditugun aurrerapen guztiak ere.

Beste pasadizo bitxi bat: ba al dakizu zer gertatu zen 1864. urte inguruan, Irun eta Madril arteko trenbidea egin zutenean? Ba panorama dezente ilundu zitzaiela tolosarrei. Ordura arte, Tolosako merkatuan bakarrik bertako kakaoa saltzen zuten, monopolioa zuten nolabait esateko. Baina trenari esker -edo trenaren erruz- Goierriko edota Donostiako konfiteroak Tolosako merkatura joaten hasi ziren beren kakaoa saltzera. Konpetentzia agertu zen! Tolosarrek zeozer asmatu behar zuten beraienari eusteko eta honako ideia etorri zitzaien burura: beren kakaoari Izaskun izena -edo marka- jarri zioten, 'txantai morala' egiteko. Izan ere, igandero Izaskuni otoitz egin behar zioten tolosar guztiek nola ez zuten ba erosiko Izaskun kakaoa?! Kanpoko konfiteroen kakaoa erostea traizio egitea izango zen... Bistan denez, eta Bryanek ondo baino hobeto azpimarratu zigunez, marketina ez da gaurko kontua...

Iruzkinak