Txirritakoak Albaola elkartean

ALBAOLA ELKARTEAN AINTZINEKO ITSASONTZI ARTEAN

Ba al dakizue gaztelaniazko gabarra hitza nondik datorren? Bada, kabarra euskarazko hitzatik. Zer da kabarra? Bada, urte luzez, XIX. mendean, Hondarribia eta Bera eta Doneztebe arteko joan-etorriak egiten zituen egurrezko ontzia. Sasoi hartan, ibaia oraingo autobidearen parekoa zen eta era askotako gauzak garraiatzen ziren ontziotan. Hau da Albaolako kideek ostegunean, maiatzak 31, Antxoko Txirrita euskaltegikooi argitu diguten bitxikerietako bat. 10:30ean ekin diogu bisitari eta ia bi orduz ibili gara, antzinako itsasontzien artean.

Hegaluzetara joaten zen itsasontzia ere gertutik ikusi dugu. Baita, nola ez, euskal arrantzaleek XVI. mendean Ternua aldera baleak harapatzeko erabiltzen zuten bale txaluparen erreplika harrigarria. Urteen -eta mendeen- joanarekin, hainbat itsasontziren arrastoak aurkitu dituzte ustekabean Ternua aldean eta hori oso garrantzitsua izan da; horrek eman du aukera itsasontzi haien kopiak -nolabait esateko- egiteko. Ez ahaztu, Apaizak Obeto proiektuaren barruan, eskifaia batek egin zuela duela lauzpabost urte euskal arrantzaleek duela ia mende erdia egiten zuten bidea, Euskal
Herritik Ternuara; sasoiko itsasontzi batean eta sasoiko arropekin. Albaola
elkarteko kide den Xabier Agotek parte hartu zuen proiektu hartan, baita Jon Maia bertsolariak ere.

Albaola elkartearen tailerra ere ikusi dugu; itsasontziak eraberritzen dituzten txokoa.Ontziak zaharrak dira eta beraz, oso garrantzitsua da bertan egiten duten lana, kasu askotan musutruk.

Larruzko itsasontziak, Pasaia-Lezo lizeoko gaztetxoek gogotsu eraberritutakoa eta beste hainbat ontzi ikusi ditugu. Bisita interesgarria eta gomendagarria, guztiz.


Guk probetxua atera diogu. Eta zuek, ezagutzen al duzue Albaola elkartea?

Iruzkinak