[Oarsoaldeko AEKren IV. Mikroipuin-Lehiaketa] IRABAZLEA 1. postuan: Alain eta Olagarroa

Alain eta olagarroa

Eva Rodriguez / Intxixu

 

Alaini, itsas ondoan futbolean jolasten ari zela, baloia uretara erori zitzaion. Uretan sartzerakoan plastiko batean harrapatuta zegoen olagarro txiki bat aurkitu zuen:

 

- Olagarro txiki bat! Baina zer duzu hanka horretan?

 

Olagarroa zaurituta zegoen, amu batek hanka zulatuta:

 

- Ez kezkatu Olagarro, sendatuko zaitut!

 

Eskuetan maitasun handiz hartu eta amua askatu zion. 

 

- Aske zara Olagarro!

 

Olagarroak begietara begiratu eta uretan murgildu zen. Baina baloiak uretan jarraitzen zuen:

 

- O! Ezin dut hartu, oso urruti dago!

 

Bat-batean, baloia salto batean itsasotik Alainen eskuetara ailegatu zen. Olagarro eta Olagarro Ama baloian itsatsita zeuden.

 

- Mila esker!  Esan zien Alainek. Berehala, salto bat eman eta itsasoan desagertu ziren.

 

Alain amarengana joan zen istorio eder hau kontatzeko:

 

- Ama! Ama! Zerbait kontatu behar dizut.

 

- Lasai, Alain, segituan kontatuko didazu, garbitu eskuak eta eseri bazkaltzera. Olagarro entsalada bikaina dugu eta!

Iruzkinak