[Oarsoaldeko AEKren IV. Mikroipuin-Lehiaketa] 3. postuan: Aukera berria

Aukera berria 

Marijo Elizetxea / Intxixu.


Mutil gozoa eta atsegina zen. Bere begirada sakonak lozorroan lokarturik nuen bihotza esnatu eta larruazala sutzen zidan. Erabiltzen zituen maitasun hitzak umilak eta samurrak ziren; leun eta eztizkoak laztanak eta musuak. Konturatu orduko bere amuan bete-betean harrapaturik nengoen.

 

Jarraian, kolpe, irain eta mehatxuak hasi ziren. Mutil zakar eta bortitza bilakatu zen. Bere begirada ilunak bihotza apurtu eta larruazala oihal gorriz estali zidan. Hitzak garratz eta mingarriak bihurtu ziren; ertzez jositako hozkak niregan jaurtitzen zituen. Horietako batean sabelean gorderik nuen bizi berria galdu nuen, nire altxor preziatuena. Umetokia ere galdu nuen, otsoak bizia sortzeko gaitasuna ebatsi zidan. Putzu sakon eta ilun batean nenbilen orduz geroztik, noraezean. Gorputza haragi puska soil batean bihurturik, eta ezertarako balio ez nuela sentitzen nuelarik; hondoa jota.

 

Orduan, barruan galduta nituen indar apurrak bildu, eta bizitzak beste aukera berri bat emango zidalakoaren ziurtasun osoz, laguntza eske abiatu nintzen.

 

[Jazarpena pairatu duen edonori eskainitako omenaldi xumea]

Iruzkinak