[Oarsoaldeko AEKren IV. Mikroipuin-Lehiaketa] 4. postuan: Uso zuria

 Uso zuria

Uxue Etxeberria / Intxixu

Txomin artzainak urtero artaldearekin batera igarotzen zituen egunak Aralarko mendien magaletan. Ez zuen haurtzaro xamurra eduki, umezurtz gelditu baitzen 14 urte besterik ez zituenean. Horrez geroztik, mundutik isolatuta bizi nahi izan zuen, mendiaren babesean.

Aralarko txabolan, ordea, bisitari berri bat zuen. Uso bat. Ez edonolakoa, uso zuri eder bat. Artzaina liluratuta gelditzen zen hegaztiari begira. Pixkanaka usoa gerturatzen joan zitzaion, adiskide egin eta elkarren bakardadea betez. Hilabeteak igaro ziren horrela, udazkena iritsi zen arte. Txominek bazekien bere lagun-minak laster zabalduko zituela hegoak zeru zabalerantz.

Gazta bila etorri zitzaion agure bati aitortu zion bere egonezina:

- Jar ezak tranpa bat, usoa amuan eroritakoan hegaletako luma pare bat moztu eta ezingo dik hegan egin, hirea izango duk.

- Baina honela ez duk gehiago usoa izango, eta nik usoa diat maite.

Txominek aske utzi zuen usoa senak eskatzen ziona egin zezan. Udazken gorrian alde egin zuen bezala, itzuli zen artzainarengana udaberri loratuan.

Iruzkinak

Argitaratu iruzkina